Getxon, Portu Zaharretik A-5eko galdeketan parte hartzeko dei jendetsua
Agerraldi jendetsua egin dute getxoztarrek Portu Zaharrean azaroaren 5eko galdeketan parte hartzera deitzeko. «Ideologia, kultura, jatorri eta genero ezberdineko» herritarrek beren etorkizun politikoa beren kabuz erabaki nahi dutela adierazi dute, «kanpoko esku hartzerik gabe, eta inposaketa ideologiko edo legalik gabe».
Galdeketan bozkatzeko erabiliko duten boto papera altxatuta 150 lagun inguru bildu dira eguerdian Portu Zaharreko eskaileretan, azaroaren 5ean herrian izango den galdeketan parte hartzeko deia egiteko. Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikako gazteek bizikleta martxa egin dute aurretik udalerriko auzoetatik eta eskaileretara bertaratu dira taldeko agerraldian parte hartzeko. Aurpegi ezagun asko izan dira parte hartu dutenen artean, Laura Mintegi eta Jose Allende EHUko irakasleak, Eneko Acero surflaria, Roge Blasco eta Ana Ramos kazetariak, Fredi Paia bertsolaria, Francisco Letamendia ‘Ortzi’ politikaria eta Endika Guarrotxena futbolari ohia, besteak beste.
Bea Sever Chrysalis elkarteko kideak eta Unai Elorriaga idazleak adierazpen bat irakurri dute bildutakoen izenean euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Nabarmendu dutenez «demokrazian herritarrok hitza izatea oinarrizkoa da», botoa eman ahal izatea «printzipiozkoa da», eta erabaki ahal izatea «funtsezkoa» da. «Kontzeptu horietan oinarritutako ariketa batera deitzen gaitu Getxoko Gure Esku Dagok eta azaroaren 5eko herritarren kontsulta antolatu duen Batzorde Sustatzaileak, eta gu ados eta prest gaude», adierazi dute.
Azaldu dute azaroak 5 izango duen igande horretan ospatuko den kontsulta «ezberdinen artean egindako ariketa» bat izango dela, «Getxon bizi garen ideologia, kultura, jatorri, adin eta genero ezberdineko herritarrok egindako prozesu baten erpin nagusia», eta «Getxoko gihar soziala sendotzeko ariketa bat» izango dela.
«Gure nahia demokratikoki adierazteko eskatzen zaigu, euskal herritarrok erabakiaren subjektu bihurtzen garela, subjektu bakarra, gure etorkizun politikoa gure kabuz erabakitzeko, kanpo esku-hartzerik gabe, eta inposaketarik gabe, inposaketa ideologiko edo legalik gabe, aske», adierazi dute. «Azaroaren 5ean hitzordua dugu erabakitzeko eskubidearekin. Gure hitza izango da, gure borondatea, gure nahia. Parte hartu! Eman Botoa!» deitu dute.