INFO

Europako prentsak arreta berezia eskaini dio Kataluniako Errepublikari

Europako egunkari nagusiek arreta berezia eskaini diote atzo Kataluniako Parlamentuak Errepublika aldarrikatzeko egin zuen ekitaldiari. Oro har, aldarrikapenarekin batera Madrilek ezarritako mehatxua ere aipatzen dute azaletan Estatu frantses, Ingalaterra, Eskozia, Italia edo Alemaniako egunkari nagusiek.


Kataluniako egoera berri nagusia da gaurko egunkariko azaletan Europako egunkari nagusienetan.

Estatu frantsesean ‘Libération’ egunkariko azala da, ohi bezala, ikusgarrienetakoa. Kataluniak «jauzi handia» eman duela nabarmentzen du. Hizki txikiagotan, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu eta berehala Madrilek autonomia bertan behera utzi zuela adierazten du. Madrilen erabakia ezegonkortasuna eragin duela nabarmentzen du Pariseko kazeta honek. Ospakizunaren argazkiak portada guztia betetzen du.

‘Le Figaro’ egunkariak, berriz, Estatu espainolak krisi historiko batera bideratzen dela nabarmendu du Kataluniako egoera aipatzerakoan.

‘La Tribune’ egunkari ekonomikoak Kataluniak independentzia aldarrikatu duela, baina zaintzapean gelditu dela adierazi du.

‘L'Independent’ kazetak, Ipar Katalunian ere hedatzen den komunikabideak, Kataluniak geldialdiarekin amaitu duela eramaten zuen hizki nagusietara.

Ikusgarria izan da ere ‘Midi Libre’ kazetaren azala. «Katalandarrak!» du titular bezala eta ospakizunaren argazkia hautatu du.

Ingalaterrako egunkari nagusienak ere arreta berezia eskaini diote Kataluniako egoerari, berri nagusia bezala kokatzen dute euren azaletan. ‘The Times’ egunkariak Estatu espainola muturreko egoeran aurkitzen dela nabarmendu du azalean.

‘The Guardian’-ek ere Kataluniak independentzia aldarrikatu izana Espainian krisia eragin duela nabarmendu du.

‘The Daily Telegraph’ egunkariak ere krisia aipatzen du bere azalean Kataluniako egoera aipatzerakoan, baina Europar Batasunean jartzen du arreta, «zirrikituak» sortu direla adierazizi.

Eskozian ere arreta berezia eskaini diote Kataluniari. ‘The Scotsman’ egunkariak Erresuma Batuko Gobernuak ez duela Kataluniako independentzia aldarrikapena onartuko eramaten du lerroburu nagusira.

‘The National’ kazetaren azala ikusgarriagoa da. «Hello Catalonia! (Kaixo Katalunia!)» da lerroburu nagusia. Argazkian, noski, independentziaren aldarrikapenaren ospakizuna. Azal osoan.

Italian ‘Il Corriere della sera’ egunkariak azalean jasotzen du berria. Kataluniak independentzia aldarrikatu duela eta Rajoy kriminaltzat jo dituela nabarmentzen du.

Alemaniari dagokionean ‘Frankfurter Allgemeine’ kazetak lerroburu deskribatzailearen hautua egiten du, Kataluniak independentzia aldarrikatu duela adieraziz.

‘Der Tagesspiegel’ kazetak ere Kataluniak Gobernua aldarrikatu duela dio.