Uste baino askoz errazago lortu du Aimar Olaizolak finalerdietara sailkatzea (22-5)
Elezkanok aukera asko eman dizkio errestoan goizuetarrari eta honek ez du barkatu. Victorrek 20 tanto egin beharko dizkio bihar Oinatz Bengoetxeari hurrengo kanporaketan egoteko.
Aimar Olaizolak beste urtebetez jokatuko ditu Lau eta Erdiko txapelketa nagusiko finalerdiak, Danel Elezkano inork uste baino askoz errazago (22-5) gainditu baitu Labriten jokatutako partidan. Victor eta Oinatz Bengoetxeari lan handiak eman zizkien Zaratamokoak aurreko bi jardunaldietan, baina gaur apenas jarri dio oztoporik kaiolan zazpi aldiz txapeldun izandakoari.
Partida hasierak beti izaten dira oso garrantzitsuak halakoetan eta ezin okerrago ekin dio partidari Danel Elezkanok. Lehen tantoa sakez jaso du eta bigarren tantoan bostaz atzera bidali du bolea bat eta partidak berehala egin dio eskuetatik ihes. Sakean Olaizolak asmatu egin du, bizkaitarrak errestoan ez bezala, ez dio apenas pilotarik kendu bigarren pilotakadarekin eta Aimar Olaizolak ez du bere gantxoarekin barkatu.
Lehen atsedenaldi luzerako partida ia erabakita zegoen 12-1eko markagailuarekin eta hortik aurrera ere, behin baino ez da gai izan Aspekoa bi tanto segidan egiteko.
Emaitza honekin, taldeko beste partidan, Victorrek 20 tanto egin behako dizkio Victor Estebanek garaipena behar duen Oinatz Bengoetxeari finalerdietan egoteko.
Urrutikoetxea, hatza hautsita
Beste taldean, Mikel Urrutikoetxea aurreko astetik sailkatuta zegoen, baina atzoko Artolaren aurkako partidan haustura bat izan zuen ezker eskuko laugarren hatzean. Atzo Gasteizen egin zizkioten mediku azterketen ostean, Asegarceko medikuek ez dute uste arazorik izango duenik finalerdietan kokatzeko.