INFO

Gernikako Azken Astelehena, mila zapore eta kolore 333 postutan

333 salmahai, gazta, ortuariak, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastelak, kontserbak, makineria eta artisau produktuak jendaurrean jartzeko, gazta enkantea, taloa eta abar dastatzeko txosnak eta tabernak aukeran, eta eguna jai giroan emateko aukera. Hori guztia eskaintzeko prest dago Urriko Azken Astelehena.


Gaztagileak dira saltokietan ordezkaritza zabalena dutenak, 65 posturekin. Atzetik, baserriko barazkiak dira kopuru handiena dutenak 45 saltokirekin, eta artisautzak 50 mahai beteko ditu bertaratutako jendearen gozamenerako.

Ohi legez, Gernikan gaur ez dute hutsik egingo ez txakolingileek, (20 saltoki) ez sagardogileek (7 ), eta inguruan izango dituzte kontserbak, makineria, eztia, esnekiak, ogia, pastelak, erroskillak eta denetariko produktuak. Urriko Azken Astelehena aspaldidanik da erakusleiho itzela, ohitura zahar eta berriak uztartzen dituena, eta jaiegun handia bertoko eta kanpoko jende andanarentzat.

Postu gehienak Artekale kalean izango dira, 64 saltoki, guztira. San Juanen, 60 postu jarri dituzte; beste 46, Pasealekuan; 42, Industria kalean; 35, Juan Kaltzadan; 22, Urtarrilaren 8an eta 60, Santa Ana aparkalekuan.

Barazki, fruta, apaintzeko landare, txakolin, ezti eta gazta saltoki onenentzako sariak eguerdian banatuko dituzte. Izan ere, 12.00etan bertso saioa hasiko da Merkurioko iturrian, eta jarraian sari-banaketa izango da agertoki berean, 13.30ean.

Bertsolariekin batera, hara mugituko da azokara bertaratuko den jendetzaren zati handi baten arreta, sarien ondoren ospe handia duen gaztaren enkantea egingo baita. Irabazle izendatutako gazta erdia da enkantera eramaten dena, eta horren irabaziak Gernikako Juan Kaltzada zaharren egoitzarentzat izaten dira. Iaz, 5.000 euro ordaindu ziren saridun suertatutako Olaberriko Aizpea izeneko gaztagatik.

Arratsalde partean, zesta puntako finalak iragartzen ditu egitarauak Jai Alai pilotalekuan, eta esku pilotakoak, Santanapen.

Eguna girotzeko, kaleko musikaz gain, herriko hainbat elkartek ohiko txosnak jarriko dituzte egun ederrari aurre egiteko edariak eta, batez ere, taloa eskainiz.