INFO

%11,07ak bozkatu du 17.30etarako hamahiru herritan deitutako herri galdeketetan

Eman dituzte Gure Esku Dago mugimenduak deituta Bizkaia eta Gipuzkoako hamahiru herritan egiten ari diren herri galdeketen arratsaldeko parte hartze datuak: 17.30etarako, hautesleen %11,07ak bozkatu du, alegia, 17.800 lagun baino gehiagok bozkatu dute. Arratsaldeko 20.00ak arte egongo dira zabalik hauteslekuak.

Emakumeak izan dira bozkatzen lehenak, omenaldi gisa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Martxan dira herri galdeketan Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion. 9.00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, eta 20.00ak arte izango dute botoa emateko aukera hautetsontzietara deituak dauden 160.800 lagun baino gehiagok.

Modu berezian zabaldu dituzte hauteslekuak; Kataluniako hautetsontzi bana iritsi da herri bakoitzera –urriaren 1eko erreferendumean erabilitakoak–. Ondoren, adierazpena irakurri eta bozkatzeari ekin diote. Emakumeak izan dira lehenak horretan, 1933an gaurko egunez lehen aldiz botoa eman zutenei omenaldi sinbolikoa eginez.

Galdeketen antolatzaileek adierazi dute hautetsontziak «berme guztiekin» atera dituztela kalera, «normaltasunez». Guztira, 57 hautetsontzi izango dira, hamahiru herritan banatuta.

Kataluniako egoera presente izan dute hauteslekuen irekiera adierazpenetan. Handik «berri txarrak» datozela adierazi dute, Estatu espainiarra aplikatzen ari den neurri «autoritarioen» bidez «ideien aurkako eta demokrazia bateko oinarrizko printzipioen kontrako» jazarpena egiten ari delakoan.

Horregatik, Kataluniari egin dakioken ekarpenik handiena «gure eskubide zibil eta politikoak egikaritu» eta hautetsontziak boto-paperez betetzea dela azpimarratu dute. «Goazen ozen esatera herritarrok gure etorkizun politikoa erabakitzeko bidean gure ekarpena egin nahi dugula. Hemen eta Katalunian».

Parte hartze anitza

Getxon egin dute eguerdi parteko ekitaldi nagusia eta bertan aritu da hizlari gisa Zelai Nikolas. Azaldu du jada botoa eman dutenen artean direla, besteak beste, Joseba Goikouria Erandioko alkatea, Imanol Landa Getxokoa, Ana Carrere Andoaingoa, Asier Garcia Areatzakoa, Koldo Mediavilla EAJko EBBko kidea, Laura Mintegi, Iñaki Zarraoa, Jose Elorrieta...

Gaineratu du Kataluniatik ekarritako hautetsontzien bidez «zubigintza» sinbolizatu nahi izan dutela. Une horretan, Getxoko GEDeko kideek zubigintza lanaren lekukoa Bizkaiko Zubiaren beste aldean bizi diren Portugaleteko herritarrei pasa diete, udaberrian egingo baitute galdeketa bertan.

Parte hartze datuei dagokionez, %11,07ak eman du botoa 17.30etarako, hots, 17.800 pertsona baino gehiagok gauzatu dute erabakia. Ibarrangelu eta Elantxobeko parte hartzeak nagusitzen dira guztien gainetik –%50tik gora–, eta Erandio, Getxo eta Leioakoak dira baxuenak –%7 eta 9aren bueltan–.