INFO

Herrilanean prestatu dituzte Ablitasen Errigorako milaka saski

Ostegunean hasi eta larunbata arte, milaka saski prestatu ditu Errigorak Ablitasen antolatutako herrilanean. Hiru egunez, ehunka boluntario bertaratu dira Ablitaseko herri kooperatiban ipinitako karpara. Saskiak prest, ondorengo hamar egunetan zerrendak eskariz betetzeko deia egin du Errigorak.


Urriaren 26an abiatu zen aurtengo ‘Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina’ eta eskariak egiteko epea irekitzearekin batera, martxan jarri zen Euskal Herriko eskualdeak zeharkatuko dituen Errigorako karpa. Ostegunetik larunbatera bitarte Ablitasen izan da karpa eta aurtengo leloa ardatz hartuta, herrilana sustatu nahi izan dute bertan.

Ostegunean, esaterako, Lodosa, Biana eta Tutaerako ikasleak hurbildu ziren karpara. Bertan Porrotx pailazoa zuten zain era berak azaldu zien Errigora zer den. Bertako produktuak dastatu eta Ablitaseko olio errota bisitatzeaz gainera, saskiak atontzeko lanean ere euren ekarpentxoa egin zuten.

Ostiralean, ostera, kanpainan parte hartzen duten 25 ekoizleak bildu zituen Errigorak. Nafarroa hegoaldeko nekazal produktuen bidez euskalgintza indartzeko sortutako proiektuak zabaldutako plaza berriak, kontsumitzaileekiko harreman zuzenak eta etorkizuneko erronkak izan zituzten mintzagai.

Larunbatean, aldiz, karparen aurrean ehunka lagun batu ziren laster banatuko diren milaka saskiak prestatzeko.

Saskiak prest, ondorengo egunetan herrietan zabaldutako zerrendak eskariz betetzeko deia egin du Errigorak.

Errenterian abiatu zuen ibilbidea karpak. Elikadura burujabetza, euskara eta Nafarroa ardatz ditu ekimenak eta dagoeneko Galdakao, Lekeitio, Leitza eta Iruñean izan da. Aurtengo kanpainako berritasunetako bat da karpa eta eskariak egiteko epea iraun bitartean Euskal Herriko beste hainbat eskualde bisitatuko ditu.