Aitor Mendiluze gailendu da Durangoko saioan, 740,5 punturekin
Aitor Mendiluzek irabazi du Durangoko Landakon jokatu den finalerdietako lehen bueltako azken saioa, eta gaurko saioko sei bertsolarietatik bostek egingo dute aurrera; Iñaki Apalategik jarri du langa 648 puntutan.
Durangoko Landakon, Azokaren tenpluan, berokien joan-etorria eta gorritutako musuen bilkura aurreratu egin da pixka bat. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen bueltako azken saioa jokatu da gaur arratsaldez. Giro oso beroa, 2.100 bertsozaletik gora, plaza benetan dotorea eta berezia. Izan ere, gaur jakin da zein bertsolarik egingo duten aurrera eta kantatuko duten finalaurrekoen bigarren bueltan. Gaurko saioko sei bertsolarietatik bostek egin dute aurrera. Langa, Iñaki Apalategiren 648 puntutan jarri da. Hauxe, Durangoko saioko puntuazioa.
740,5 Aitor Mendiluze Gonzalez
678,5 Miren Amuriza Plaza
675 Jon Maia Soria
671 Oihana Iguaran Barandiaran
648 Iñaki Apalategi Astigarraga
639 Miren Artetxe Sarasola
Esan bezala, finalaurrekoen bigarren bueltan hemezortzi bertsolari arituko dira. Ondorengoak, hain juxtu: Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Agin Laburu, Miren Amuriza, Jon Maia, Jon Martin, Oihana Iguaran, Jone Uria, Julio Soto, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Alaia Martin eta Iñaki Apalategi.