INFO

Gasteizko Udalak hirukoiztu egin du isunengatik jasotzen dituen diru-sarrerak arretazko grebagatik

EH Bilduk azaldu duenez, Gasteizko udaltzainen arretazko greba hasi zenetik Udalak 362.000 euro bildu ditu isunetan, hilabete arrunt batean baino ia hirukoitza. 

Miren Larrion eta Antxon Belakortu zinegotziak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Antxon Belakortu EH Bilduko Gasteizko zinegotziak Gorka Urtaran alkateari udaltzainek daramaten arretazko grebaren aurrean «geldirik» ez geratzeko eskatu dio eta ohartarazi du «Urtararen kudeaketa txarraren ondorioak gasteiztarrek» ordainduko dituztela.

Izan ere, Belakortuk ohar batean azaldu duenez, «zenbakiek erakusten dute udaltzainen arretazko greba egon badagoela». Udalaren kontabilitate sistema informatikoa iturri hartuta, irilaren 30ean Ogasunaren sailean isunengatik jasotako diru-sarrerak 3.580.000 eurokoak ziren. Horrek esan nahi du hilero batez besteko sarrerak 400.000 eurokoak direla.

Urriaren 29an, arretazko greba hasi bezperan, Udalak 4.071.000 euroko diru-sarrerak zituen isunetan. Gaur, kopuru hori 4.433.000 eurokoa da, hau da, «hamabost egun baino gutxiagotan 362.000 euro kobratu dituzte».

EH Bilduren arabera, «zenbakiek erakusten dute hamabost egunetan ia hirukoiztu egin direla diru-sarrerak kontzeptu honetan, udaltzainen arretazko greba badagoela argi dago». «Nagusikeria» horren aurrean alkateak «ezin du geldirik egon», salatu du Belakortuk.

2016an isunengatik jasotako diru-sarreren aurreikuspenak 5.480.000 eurokoak izan ziren eta diru bilketa 4.545.000 eurokoa izan zen.

«Aurten jada 4.433.000 euro sartu dira, arretazko grebaren isun guztiak kontatu gabe. Horrek esan nahi du aurten Udalak 2016an baino milioi bat euro gehiago bildu dezakeela isunengatik», ondorioztatu du EH Bilduko zinegotziak.

Gasteizko udaltzainek beren lan baldintzak hobetzeko hasi dute arretazko greba, besteak beste, plantilla handitzea eta soldata igotzea eskatzen dute.

Atzo, Baskonia eta Real Madriden arteko partida jokatzen zen bitartean, udaltzainek «dozenaka» isun jarri zizkieten Buesa Arena estadioaren inguruan behar bezala autoa aparkatu ez zutenei, ‘El Correo’ egunkariaren arabera.