INFO

2018an jauzia egiteko aukera errealak egonen direla aurreratu du Kontseiluak

Eguneroko zurrunbiloan galduta, perspektiba galdu ohi dugu eta horren aurrean ariketa berri eta interesgarri bat egin du Kontseiluak. 2017ak euskararen normalizazioan zer eman duen aztertu, eta 50 eragile baino gehiagorekin partekatu du analisia, gosari bat aitzakia hartuta, tartean bazkideak, eta sindikatu, politika, ekonomia eta komunikazio arloetako lagunak. Begirada 2018ra luzatuz, sozialki eta politikoki egoera astintzeko aukera errealak daudela iragarri du.

Kontseiluak eragile sindikal, sozial, politiko eta ekonomikoekin partekatu du urteko analisia. Irudian, Paul Bilbao eta Koldo Tellitu. [Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS]

Urteko irakurketa egiteko prentsan euskararen normalizazioaren inguruan jasotako berriak hartu ditu oinarri Kontseiluak, Paul Bilbao idazkari nagusiak esplikatu duenez. Lau zutabetan sailkatu dituzte albisteok: herri gogoa, corpus juridikoa eta araugintza, plangintzak eta baliabideak.

Horrekin batera, euskararen osasuna zein den erakusten duten eta aurten aurkeztu diren bi inkesta nagusiak baloratu ditu, eta etorkizuneko erronkak zehazteko oinarri gisa hartu. «Zenbait argi gorri piztu dira eta orain arteko hizkuntza politikek goia jo dutela esan genezake. Horregatik, politika hauek birpentsatu behar ditugu», adierazi du.

Lau zutabeen azterketari dagokionez, euskararen aldeko herri gogoa bizi-bizi dagoela azaldu du: «Zutabe horrek normalizazio prozesua elikatu  izan du urteetan, oraindik elikatzen jarraitzen du eta aurrera begira hala egiten jarraituko duen uste sendoa dugu». Horren adibide gisa jarri ditu aurtengo Korrika eta ‘Euskarak 365 egun’ ekimen arrakatsuak.

Aldaketarik handienak, Nafarroan

Hizkuntza politiketan berrikuntz nagusiak Nafarroan gertatu direla baieztatu du Bilbaok. 44 herri legeak ezarritako eremu «ez-euskaldunetik» «mistora« pasatu dira eta bertze bat eremu «mistotik» «euskaldunera». Bestalde, Administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua onartu berri da, bertze tresna juridiko bat.

Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoak hizkuntza politikan aukera berriak sortu ahal izanen dituela azpimarratu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aspaldiko urteetan ez dute berrikuntza handirik sumatu, baina lankidetza berrietarako ateak irekitzen ari dire seinaleak ikusi dituzte.

Protokoloa eta Kaiera

Azterketa hau oinarri, heldu diren hilabeteetan erabaki garrantzitsuak hartuko direla eta, hortaz, euskalgintzak eta Kontseiluak adi egon beharko dutela erran du Paul Bilbaok. Eta, horri begira, oroitu du badugula esku artean «Europan eta Euskal Herrian hizkuntza politiken inguruan inoizko adostasun handiena izan duen kodea, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.

Azken hilabeteotan 50 eragile sozial baino gehiagorekin protokolo honen Euskal Herriko Kaiera lantzen ari da Kontseilua, bertako errealitatetik abiatuta «hizkuntza eskubideak egikaritzeko neurri efektibo eta zehatzak definitzeko».

2018an aurkeztuko dute Kaiera hori, bide-orria marrazteko asmoz. Bestalde, «dinamika sozial ikaragarria hasiko da euskalgintzaren eta instituzioen artean». Hala, eragile sozialek eta instituzioek elkarrekin jauzia emateko aukera errealak ikusten ditu. «Aprobetxa dezagun» dei egin du Bilbaok, eta eurek indarra, pasioa eta determinazioa jarriko dutela ziurtatu du.