INFO

Kataluniaren erabakitzeko eskubideari babesa adierazi diote Baionan egin den manifestazioan

Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea babesteko eta Errepublika aldarrikatzeko eginiko hautu demokratikoarekin bat egiteko manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Baionan, EH Baik deituta.

Bostehun lagun inguruk parte hartu dute Baionako manifestazioan. (Aurore LUCAS)

EH Baik deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Baionan, Kataluniari elkartasuna adierazteko. Euskaldunen plazatik abiatu da «Kataluniarekin bat. Democratie et autodetermination» lelopean, eta 500 lagun inguruk hartu dute parte. Ikurrinak, senyerak eta lapikoak eskutan zituztela egin dute ibilbidea manifestari askok. Martxa Herriko Etxearen aurrean bukatu da, Anita Lopepe eta Jakes Bortairuren hitzartzeekin.

Martxaren helburua Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubideari babesa adieraztea zen, eta Gobernu espainolaren jarrera salatzea. EH Baik nabarmendu duenez, Kataluniako «Gobernu legitimoaren parte bat preso sartuz, Madrilek etapa berri bat gainditu du errepresioaren bidean». Ildo horretan, Gobernu espainolaren «jarrera arduragabea» gaitzetsi du, baita «europar komunitatearen isiltasun jasanezina» ere.

Indar abertzalearen iritziz, Kataluniako herriak «era baketsuan adierazi duen borondatea» errespetatu egin behar da. Horregatik, babesa adierazi dio Errepublika aldarrikatzeko Legebiltzarrak egin zuen hautuari.

Hamalau hautetsi abertzalek, horien artean hamaika auzapezek, «Espainiaren jarreraren kontra asaldatzeko eta 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz kargugabetuak izan diren Katalan hautetsiei sostengua adierazteko» deia egin dute.