INFO

Kataluniak akademia bolizko dorretik jaitsi zuenekoa

Kataluniak digeritu dezakeguna baino informazio gehiago sortzen du. Tartean, oharkabean igaro den akademikoen gutun ireki bat dago. Juncker-i eta Tusk-i zuzendutakoa. Lehen mailako akademikoak direnez, unibertsitateko gure kolaboratzaileei galdetu diegu.


Akademiko eta europarlamentari talde batek Jean Claude Juncker-i eta Donald Tusk-i zuzendutako “Upholding the Rule of Law in the European Union” (Europar Batasunean zuzenbide estatua defendatu) gutun irekia oharkabean pasatu zen [goo.gl/iwboFa]. Zerrenda ikusita, kazetarien ikuspuntutik ez zegoen ezer azpimarragarririk. Bertan ez zeuden honelako manifestuak sinatzen dituzten «ohiko susmagarriak»: Krugman, Stiglitz, Klein… Alegia, ez zegoen ez Nobel saridunik, ezta «celebrity» akademikorik ere. Salbuespena Yanis Varoufakis zen, bere ibilbide politikoaren aurretik akademian bere ospea bazuen arren.

Mundu akademikoa, orokorrean, oso gune parrokianoa eta asoziala da. Itxurazko meritokraziaren azpian burokrazia klientelarra ezkutatzen da, ia-ia tribala. Horregatik, gutxi dira mundu horretan diziplina batean onespen orokorra lortzen duten autoreak. Gutunean horietatik batzuk azaltzen dira.

Lagun akademikoen iritzia

GARArekin kolaboratzen duten unibertsitateko hainbat irakasleri sinatzaileetatik bat nabarmentzeko eskatu diegu, norbere diziplinari edo interesei helduz. Laura Mintegirentzat, adibidez, «Judith Butler filosofo eta irakaslea ezinbesteko erreferentzia da generoari buruz ikertu nahi duen edonorentzat». Haren ekarpenak honela laburbiltzen ditu: «Egun ohikoa da generoaz mintzatzea konstrukto baten moduan, baina Butler izan zen lehenengotariko pentsalaria subjektibitatea eta generoaren eraikuntza lantzen, teoria postestrukturalistak eta psikoanalisia uztartuta». Hartara, bere profil eta sinaduraren garrantzia azpimarratzen ditu: «Berkeley eta Yale unibertsitateetan aritua eta saritua da, eta nekez ikusiko dugu sinatzen ezein manifestu. Horrexegatik deigarria suertatu zait ikustea nola sinatu duen, beste 184 intelektualekin batera, Juncker eta Tusk jaunei zuzenduriko gutun irekia, Europar Batasunaren isiltasuna salatuz Katalunian gertatzen ari denaz».

Julen Zabalok nazionalismoari buruzko teoriak sakon aztertu ditu eta hori dela-eta ondo ezagutzen du Craig Calhoun, duela urte gutxi arte London School of Economics-eko buru izandakoa. Zabalok bertan konferentzia batean zuzenean aditzeko aukera izan zuen. «Calhounek kosmopolitismoa eta nazionalismoa ikertu ditu», aipatu du. «Kosmopolitismoaren aldekoek akats modura ulertzen dituzte identitate politikak, baina berak ikusten duen errealitatea da kontinente guztietan ageri direla identitate arazoak, eta kosmopolitismoa, berriz, elite batzuek unibertsalizatu nahi duten identitate partziala baino ez dela. Bere ustez, toki eta nazio mailako solidaritateetatik bakarrik heldu liteke transnazionalera», gaineratu du.

Joseba Garmendiaren hitzetan, «Ash Amin katedraduna geografia ekonomiko eta garapen erregionalaren alorretan itzal handiko ikertzailea da». Haren curriculumari begiratuta, «Cambridgeko Unibertsitatean irakasle, egun inpaktu handia duen ‘Review of International Political Economy’ aldizkariaren sortzailea» izan zela aipatu du. «Bere hausnarketa eta ekarpenetan interesgarriak dira globalizazioaren ingurunean lurraldeek eta erregioek erakuts ditzaketen ahalmenei eta komunitatearen indarrari buruzkoak. Hedadura zabalekoak dira hainbat arlo sozialetan plazaratutako ikerketak: kultur aniztasuna, erregio desorekak eta Europaren etorkizuna, ekonomia soziala, politika ezkertiarrak…».

Ekai Txapartegi Philip Pettit burutik kendu ezinik ibili zen garai batean. Bere esanetan, «Pettit teoria errepublikazale modernoaren ideologo nagusietako bat da eta askatasun politikoan aditua da». Hor 1999an argitaratutako “Republicanism” liburua azpimarratzen du. Filosofia politikoari dagokionez, Pettiten proposamena «errepublikanismo zibikoa» da, eta «nagusi den liberalismoarekin alderatuz gutxienez bi puntutan da desberdina: askatasunean eta subjektuetan. Bere definizioan askatasuna menperatzerik eza baita eta, beste alde batetik, subjektu kolektiboen existentzia onartzen baitu». Ideia hauek oinarri hartuta, Txapartegik Pettiten profil labur bat idatzi du, Naiz.eus-en kontsulta daitekeena [goo.gl/dDwDqq].

Akademikoez gain, hainbat europarlamentarik eta politikarik ere sinatu dute gutuna, tartean EH Bilduko Josu Juaristik.

 

Polonia, Hungaria eta Espainia «Rule Of Law» delakoaren zabortegi europarrak

Berez, maila honetako ikertzaile eta adituentzat manifestu bat sinatzea arraroa bada, zer sinatu dute benetan autore hauek? Bada, gutuna ohikoa baino luzeagoa da eta puntu interesgarriak ditu.

Lehenik eta behin, Lisboako Ituneko 2. eta 6. artikuluak aipatuz, zuzenbide estatua eta oinarrizko eskubide eta askatasunen babesa Europar Batasuneko kide diren herrialdeentzat betebeharra dela gogorarazten diete Juncker eta Tusk-i. Zentzu honetan, Poloniako Gobernuak epaileen independentzia mugatzeko hartu dituen neurrien aurka edota Hungariakoak gizarte zibilaren ekimenak eta prentsa askatasuna mugatzeko egin dituen ahaleginen kontra EBk nola jokatu duen aipatzen dute. Bi adibide hauek oso indartsuak dira, europar testuinguruan Espainiako auzia oso argi kokatzen dutelako. Ondoren, kezka agertzen dute EBko agintarien jokaeragatik, espainiar Estatuak Kataluniako erreferendumarekin hartu duen jarrera «barkatzen» ari direlako; alegia, «Espainian zuzenbide estatuaren bortxaketa sistematikoaren aurrean» ez direlako ezer egiten ari. Nola ez bada, beraiek ez dira lurraldetasun eta subiranotasun auzietan sartzen; ez dute independentziaren edo batasunaren aldeko jarrerarik hartzen.

Espainiar Estatua Katalunian bere jokabidea justifikatzeko Konstituzioa eta legea aipatzen ari bada ere, sinatzaileek jokabide hau zuzenbide estatuaren aurkakoa dela salatzen dute. Salaketa gogorra da: «Espainiar auzi konstituzionalean edo Zigor Kodean sartu gabe, Konstituzioaren puntu bat inposatzeko oinarrizko eskubideak bortxatzea justizia trabestitzea dela aipatu nahi dugu». Era horretan zuzenbide estatuaren letra zein espiritua bortxatzen dela azpimarratzen dute.

Adierazpen askatasunaren aurkako neurriak gaitzesten dituzte, adibidez erreferendumaren aurretik bultzatutako webguneen eta telekomunikazioen itxiera.

Jakina, urriaren 1eko irudiak ere ekartzen dituzte gogora eta, Human Rights Watch aipatuz, «gehiegizko indarra» erabiltzeagatik polizia indarrak salatzen dituzte.

Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen kartzelatzeak «akats juridiko» gisa definitzen dituzte, epaileak aipatutako gertakariak ez baitira «sedizioa», «baizik eta baketsuki eta publikoki manifestatzeko eskubidearen erabilera hutsa»; gogorarazten dutenez, espainiar Konstituzioak babesten duen eskubidea.

Tesi nagusi gisa, «Estatuaren subiranotasuna eta banaezintasuna defendatzeko saiakeran, espainiar Gobernuak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak bermatzen dituen oinarrizko eskubide eta askatasunak bortxatu dituela» baieztatzen dute. Beren ustez, bortxaketa hauek ezin dira, inondik inora, «estatu baten barne auzi gisa» ulertu. Ondorioz, EBren «isiltasuna eta bitartekotza burutsua aurrera eramateko ukoa onartezina da».

Honekin konforme ez, eta «Rule of Law» (Zuzenbide Estatua) eta «rule-by-law» bereizten dituzte. Hartara, lege-prozesu bat ez da nahikoa, justizia kontsakratzen badu baina ez badu oinarrizko askatasun eta eskubideak betetzen laguntzen. Diotenez, zuzenbide estatuaren ikuspuntu sakon hau da, «demokrazia liberaletan, aginte publikoari legitimitatea ematen diona». Horregatik, aurretik beste estatu batzuekin egin bezala, Europako Batzordea «zuzenbide estatuaren markoaren barruan Espainiako egoera» aztertzera gonbidatzen du.

Zentzu honetan, europar agintariei gogorarazten diete indarkeria ezin dela tresna politiko bat izan esan dutela, eta Espainia ezin dela horretan salbuespena izan, ezin zaiola «barkatu» eta zuzenbide estatuaren ikuspuntu murritz hori ezin dela marko gisa onartu. Horrela egin ezean herritarren artean sinesgarritasuna eta konpromisoa galduko dutela iragartzen dute.

Urriaren 31n argitaratu zutenez, jakitun ziren egoerak ez zuela berez hobera egingo. Horregatik gaia gertutik jarraituko dutela ziurtatzen dute, beren interesa demokrazia Katalunian, Espainian eta Europan dela esanez, eta EBk oinarrizko askatasunak monitorizatzea oso garrantzitsua dela baieztatuz.

Ikus daitekeenez, Europar Batasunaren marko liberal-demokratikoa abiapuntu gisa planteatzen da. Argi dago sinatzaile guztiek ikuspuntu desberdinak dituztela, bai akademian lantzen dituzten gaiei buruz, baita politikari buruz ere. Baina deigarria da oso, Katalunia gogoan, honelako testu luze eta zorrotz bat babestu izana. Aurreikus daitezkeen hainbat agertokitarako baliagarria izan daitekeen idazlana, akademiari bolizko dorreaz harago zentzu bat ematen dion testua.I. S.