INFO

Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi, pauso sendoz BECerantz

1.325 lagunek goxatu dute Amurrioko Bañueta kiroldegia. Finalaurrekoetako bigarren itzuliari hasiera eman dion saioa ederra izan da. Puntan, 700 punturen marra pasatuz, Sustrai Colina (701), eta beregandik hurbil Beñat Gaztelumendi (694,5). Biak pauso sendoz doaz BEC aldera. 

Gaztelumendi eta Colina, zuzen finalerako bidean. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Ondotik datorkie Jon Maia (681,5). Honek ere ateak irekita ditu, itxaron egin behar kideek zenbat puntu lortuko, baina zailago izanen du bidea eta agurtu egin da azken bertsoan. Plazan elkar ikusiko dugula erran eta txalo beroz aupatu du bertsozaleak.

Laugarren, hagitz langile eta fresko, Nerea Ibarzabal (675,5). Gero, saio on batekin txapelketei agur erranez, Jon Martin (668,5), eta jarraian, koska bat beherago, 615 punturekin, Etxahun Lekue.

Biharko papereko kronikaren aurrerapen gisa, hona irabazlearen kartzelakoa, honako gaiari kantatua: usaina sumatu eta urduri jarri zara.

Lehena: «Zergatik ote da hain krudela egun ta hilen joana/ zergatik jartzen ditu parean geroa ta iragana/ mutil jator bat maitatzen nuen eta bi seme txiki nituen nintzen emazte ta ama/ baina somatu zaitudanean berriz pasilloan barna/ sudurzulora ailegatu zait zuk duzun Dolce Gabana/ zu zarelako noizbait tabernan inguratuta musu bat eman ta nere bizitza plana dantzan jarri zenidana».

Eta hirugarrena: «Gaur pozik nabil seme-alabekin parkean zehar korritzen/ nere iraganak egin nuenak ja enau lotsagorritzen/ zure usaiak pizten duena ta iraganean joandako dena nere barrenean hil zen/ bikote baten errutinak nahiz asko ez gaitun maitemintzen/ detaileekin gozatzen dakit gaur hau naiz lehen hura nintzen/ pizti bezatu batzuk gara gu baina saiatu beharra daukagu/ bizitza erabakitzen/ ta erabakiak bizitzen».