INFO

Mediku eta pediatra euskaldunak aldarrikatzeko mobilizazioa egin dute Arrotxapeako bizilagunek

‘Osasun etxeak eta biok euskaraz’ ekimenak deituta, Arrotxapeako osasun etxean arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko manifestazioa egin dute auzoko bizilagunek.


«Arrotxapean mediku eta pediatra euskaldunak orain!» zioen pankartaren atzetik, auzoko osasun etxetik Nafarroako Gobernuaren egoitzara arte manifestazioa egin dute bizilagunek beraien hizkuntza eskubideak errespeta daitezela eskatzeko.

Mobilizazioaren bukaeran ‘Osasun etxeak eta biok euskaraz’ herri ekimeneko bozeramaleek azpimarratu dute duela urte eta erdi pasatxo hasi zirela auzoan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatzen ari zirela eta tarte honetan ekimen desberdinak egin dituztela, baina oraindik osagile euskaldunik gabe jarraitzen dutela.

«Nafarroako Gobernuak hizkuntza eskubideak aitortzen dizkigu, baina legez ezin dizkigula bermatu esaten digu –bere garaian ezarri ziguten Vascuencearen legea eta hizkuntza eskubideen zonifikazioaren barruan eremu mistoan bizi garelako–», adierazi dute, eta gogoratu berriki onartu den Euskararen Dekretuarekin ere ez dizkietela «mediku eta pediatra euskaldunak ziurtatzen».

«Orain aste gutxi kontratatu dituzten mediku eta pediatrak ez dira eskaldunak. Hori da Nafarroako Gobernua Arrotxapeako euskaldunak osasun etxean bizi dugun egoera iraultzeko erakusten ari den grina eta borondatea», salatu dute.

Egoera honen aurrean, dagozkien hizkuntza eskubideen defentsan mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute.