INFO

557 lanpostu sortuko dituztela 2018an Bilbon iragarri dute Udalak eta Lakuako Gobernuak

Bilborako Enplegu Planak 5.564.087 euroko aurrekontua izango du -4,5 miloi Eusko Jaurlaritzak jartzen ditu Lanbideren bidez eta gainontzekoa Udalak- eta 557 lanpostu sortzen lagunduko duela iragarri dute.

Beatriz Artolazabal, Lakuako sailburuak, eta Juan Mari Aburto. (Bilboko Udala)

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak 2017ko Enplegu Plana aurkeztu dute. Aurten hasi eta 2018an garatuko da eta 5.564.087 euroko aurrekontua du. Lanbideren bidez, Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi euro ematen ditu eta Bilboko Udalak gainerakoa.

557 lanpostu sortzea aurreikusi da. Enplegu Planaren barruan sortzen diren lanpostuetatik, gutxienez, 279, emakumeek beteko dituzte. Aldi berean, proiektu honek lehentasuna ematen die baita 55 urte baino gehiago dituzten pertsonei, eta kontratazioen % 15 (84 pertsona) talde horretakoentzat izango dira.

Enplegu Plan honetan sartu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: Bilboko bizilaguna izatea, langabezian egotea, Lanbiden lanpostu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta 2017ko Enplegu Planean jasotako kolektiboren bateko kide izatea.

Bilbao Ekintza

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, kudeatuko dituen 207 lanpostuak tokiko eremuaren onurarako edo intereseko jardueretarako izango dira. Hain zuzen ere, proiektu hauen barruan egongo dira:

-Hiriko lantaldeak. 62 lanpostu izango dira, eta hiri altzariak, instalazioak eta guneak egokitu eta komun publikoak gestionatuko dituzte.

-Eraikin publikoak birgaitzea. 61 lanpostu sortuko dira udalaren instalazioak eta eraikinak birgaitzeko lanetan parte hartzeko. Enpresa izaerako jarduerak, jarduera sozialak, kiroletakoak eta aisiakoak egingo diren instalazioetan ekipamenduak jarri eta instalaziook prestatzeko lanetan ere parte hartuko dute langileok.

-Basoko lantaldeak. 23 pertsona arituko dira berdeguneak eta uriko parkeak atontzen eta mantentze-lanak egiten.

-Hiriaren irudia hobetzea eta uriaren garapen jasangarria. 15 pertsona kontratatuko dira hiriaren hirigintzako plangintza garatzeko, espazio publikoa zentzuz erabiltzeko eta ingurumen arloko kutsadura kontrolatu eta murrizteko lanetan jarduteko.

-Enplegu planeko ekintzen koordinazioa eta jarraipena. 14 pertsona plan honetan jasotako jarduketak gestionatzen eta koordinatzen arituko dira. Hiriko beste proiektu batzuetan jarduteko ere kontratatuko da jendea. Hain zuzen ere, proiektu hauetarako: sare sozialak eta marketina (7 pertsona), Bilbao Gazteak Sortzen proiektua, gazteen enplegagarritasuna hobetzeko plana, txertatzea (4 pertsona), Bilbao Gazte Plana (4 pertsona), berdintasuna, bizikidetza eta lankidetza sustatzea herritarren artean (4 pertsona), merkataritzako sektorean jarduera dinamizatzea (3 pertsona), zizerone-lanak (2 pertsona), nazioarteko foroak eta hirien arteko hitzarmenak (2 pertsona), erkidegoko hezitzaileak (2 pertsona), Europa mailako proiektuak garatzea (pertsona 1), jabeen erkidegoetako bitartekaritza eta elkarbizitza (pertsona 1), administrazio elektronikoa txertatzeko plana (pertsona 1) eta Bilbo Zaharreko , San Frantzisko eta Zabalako proiektu estrategikoa (pertsona 1).