INFO

Bosniako kroaziarren buruzagi ohi batek pozoia hartu du Hagako Auzitegian eta hil egin da

Jugoslavia ohirako Hagako Auzitegian epaitzen ari zirela pozoia edan du Slobodan Praljak Bosniako kroaziarren komandantea izan zenak eta handik ordu batzuetara hil egin da. Epailea 2013an ezarri zioten hogei urteko espetxe zigorra berresteko erabakiaren berri ematen ari zela hartu du pozoia.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Slobodan Praljak Bosniako kroaziarren buruzagi militarra izandakoak Hagako Auzitegiak ezarri zion hogei urteko espetxe zigorraren aurkako helegitea aurkeztu zuen eta hori berrikusteko saioa zuten gaur Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian.

Ezustekoa, baina, epaimahaia epaia berresten ari zenean iritsi da. «Ni ez naiz gerra kriminala eta mespretxuz uko egiten diot epai honi» esan du 72 urteko militar ohiak erabakia entzun duenean eta segidan eskuan zuen ontzi txiki bat atera eta ahora eraman du. 

Carmel Agius epaileak esertzeko agindu dio eta sententzia irakurtzen jarraitu du, baina Praljak-ek, kroazieraz, pozoia edan duela iragarri du eta bere abokatuak epaileari jakinarazi dio, frantsesez.

Honek saioa eten egin du eta militar ohia ospitalera eraman dute. Handik ordu batzuetara hil egin da, Hina agentziari general ohiaren gertuko iturriek baieztatu diotenez.

2013an zigortua gizateriaren aurkako krimenengatik

Praljak Kroaziako Defentsa Kontseiluko komandantea izan zen. 2013an ezarri zioten espetxe zigorra militar ohiari, Bosinako gerran (1992-1995) gizateriaren aurkako krimenak leporatuta. Auzi berean beste lau buruzagi kroaziar zigortu zituen Hagako Auzitegiak.

Gaurkoa nazioarteko auzitegi horren azken saioa zen, izan ere abenduaren amaieran itxi egingo baitute. Joan zen astean Ratko Mladic Bosniako serbiarren general ohiari biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion, Srebrenica-ko sarraskiagatik.