INFO

Punta Galea Challenge: Mundu mailakoa ez, baina txapelketa mundiala bai

Aurtengoa, Galea lurmuturrean egingo den olatu handietako 12. txapelketa izango da. Ez da BWWTmunduko olatu handien zirkuituko proba izango, baina mundu osoko surflariak izango dira bertan.


Negu honetan, hamabigarren aldiz egingo da Galea lurmuturreko txapelketa, nahiz eta olatu handien munduko itzulitik (Big Wave World Tour) kanpo geratu den. Hala eta guztiz ere, eta maila apalagoan bada ere, txapelketa ospetsua egin egingo da.

Joan den urrian ireki zen txapelketa egin ahal izateko itxaronaldi epea eta datorren martxoaren 31ra arte luza daiteke. Denbora tarte horretan itsaski handi bat sartzen bada, lehiaketan parte hartzera gonbidatuak izan diren Euskal Herriko zein mundu osoko surflariak Getxoko urautsian bilduko dira arraun eginaz hartzen diren olatu erraldoiak jaisteko.

24 lehiakide gonbidatu

Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa. Hau da, dozena bat bider antolatu da txapelketa, nahiz eta gutxieneko itsaski faltagatik batzuetan lehiaketa gauzatzera iritsi ez. BWWT zirkuituan ez egoteak, ez du esan nahi txapelketa egiteko itsaski indartsu bat sartzen bada ikuskizuna aurreko urteetakoa baino xumeagoa izango denik. Izan ere, parte hartzaileen mailak altua izaten jarraitzen du eta, gainera, halako txapelketetan ikusgarriena itsasoaren oldarraldia izaten da.

Txapelketa esanguratsu bat den adierazle babesleen zerrenda eta diru sariak dira. Guztira 8.000 euro izango dira emaitza onenak lortzen dituzten lehiakideen artean banatzeko (garailearentzat 3.000 euro).

Parte hartzaile kopuruari dagokionez, mota honetako txapelketetan ohikoa den moduan, mugatua da. Hortaz, gonbidapena eskuratu duten 24 surflari bakarrik lehiatu ahal izango dira Getxoko urautsian.

Horien artean, atzerritik etorriko diren lehiakideak 12 izango dira, Galea lurmuturrean surf egin ohi duten bertako surflariak 4, Gipuzkoako federazioak hautatutako beste 4 surflari, Bizkaiko Federazioko 2 lehiakide, EHSFtik beste 2, eta Getxoko surf elkarteko 2 lagun.

«Punta Galea» mundu mailakoa

Gary Linden World Surf League erakundeko ordezkaria eta BWWT itzuliko lehendakaria zenean Getxon izan zen. Hots, Galea muturreko olatuek mundu mailako txapelketa bat egiteko aukera eskaintzen ote zuten aztertzera etorri zen Euskal Herrira 2012. urtean; izan ere, garai hartan estatubatuarren artean oso hedatua zegoen Europan olatu handietako txapelketa bat egiteko gutxieneko baldintzak betetzen ez ziren ustea.

Urte hartan, 17 urte besterik ez zituen Natxo Gonzalez plentziarrak irabazi zuen, eta sekulako ikuskizuna izan zen. Horrela, handik urtebetera lehen aldiz Europako urautsi bat BWWT zirkuituan atxiki zuten eta Galea muturreko lehiaketa mundu txapelketa bilakatu zen.

Guztia bikain atera zen; izan ere, abenduan itsaski handi bat sartu zen Euskal Herriko kostaldean eta Galea muturreko olatuak duen potentziala mundu osoari erakusteko baldintza ezin hobeak izan ziren. Sei metroko olatuak, hego haizea, eta eguzkia. Aitzitik, milaka izan ziren Getxoko labarretara gerturatu ziren ikusleak. Grant Twiggy Baker hegoafrikarrak irabazi zuen txapelketa arrakastatsu hura.

2014. urtean ere abenduan sartu zen itsaski handia, eta bigarrenez, mundu osoko lehiakideak gerturatu ziren Bizkaiko olatuen indarraz gozatzera. Haizeak olatuak narrastu zituen, ordea, eta baldintzak okerragoak izan ziren. Ondorioz, txapelketa hark arrakasta apalagoa izan zuen. Nick Lamb kaliforniarrak eraman zuen garaile txapela.

«Punta Galea» mundiala

Duela bi urte, 2015/2016 sasoiko txapelketa ez zen egin, eta Galearen lekua Portugalgo Nazare urautsiak hartu zuen. Iazkoan ere, (2016/2017 sasoia) ez zen lehiaketa egiteko gutxieneko baldintzarik izan eta bertan behera geratu zen txapelketa.

Azken bi urteetan lehen mailan ez bazegoen ere, munduko olatu handien bigarren mailako (QS) txapelketa bat izaten jarraitzen zuen, baina aurten hortik kanpo geratu da Galea lurmuturreko txapelketa. Antza, diru faltagatik BWWT itzuliko zerrenda murriztu behar izan dutelako.

BWWT zirkuitutik at geratu arren, ikusmin handia sortzen duen txapelketa izaten jarraitzen du lehiaketa honek. Mundu osoan ezagun egin denez, eta kontinente desberdinetako surflariak lehiatzen direla aintzat hartuta, «txapelketa mundiala» dela esan daiteke.