INFO

MARTXAN, «ORAIN PRESOAK» OIHUA REAU-TIK MATIGNONERA ERE IRITS DADIN

ARI DIRA BIDEA URRATZEN BAKEGILEAK FRANTZIAKO GOBERNUAREKIN, ETA EPPKREKIN. BIEN SOLASKIDE DENAK HAUSPOA HERRITARREN BABES ZABALEAN DU, ETA LEHEN KOLPEAN FRANTZIA ZEHARKATU OSTEAN ILE-DE FRANCE-KO ESPETXEETAKO MARTXA DA AZKEN-AURREKO URRATSA. AZKEN HELMUGA, PARIS.


Hotz hartu du Parisek Euskal Herritik iritsitako lehen jende kolpea. Gradu bakarra, eta hura hotza, zuten Reau-n goizeko lehen orduan hiru autobusetan iritsi ziren bakearen aldeko ibiltariek. Barruan bilera «oso aberasgarrian» ziren Vincent Bru diputatu kanboarra, Max Brisson senatari eskuindarra eta Jose Bove ekologista eta eurodiputatua. Mahaiaren beste aldean Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu, ETAko militante aski ezagunak eta egun EPPKren mintzaide taldeko ordezkari nagusiak. Mezu bana helarazi zuten Paris hegoaldeko espetxeko murruetatik kanpora parlamentarien eskutik. Iritzi publikoari zuzendua bat, Kolektiboa bakean urratsak egiteko prest dagoela berretsiz, eta dagoeneko dozenaka zenbatu zitezkeen martxako kideentzat bestea. Lehena zigilu ofizial eta guzti, bigarrena espetxetik oharrak atera ohi diren moduan, paper txiki batean idatzita eta ondo tolestuta. Anaiz Funosas Bake Bidean-eko kideak irakurri zien mezua bertaratuei: «...denok etxean izan arte, jo ta ke, biba zuek!».

«Zain ginen ea zer pasatzen zen eta guretzat bereziena haiek guretzat bidalitako mezu hori izan da». Itsasne Portugaletetik iritsi da eta egunaren amaieran, hotzik handienak atzean utzita, pozik da Fleury-Merogiseko espetxean galdetu diogunean; «badirudi gauzak bidea hartzen hasi direla eta oso animatuta nago hurrengo egunetarako».

Gaztea da bera ere, baina ez da gazteenetakoa. Bakegileen bandera Paris inguruko espetxeetan aireratzen ari direnen batez besteko adin tartea oso baxua baita. «Presoen gaia ez al zen ba iragana?», galdetu diogu Mikel Urdangarin Ernaiko kideari: «Etorkizuneko kontua da, ezin dugu herri aske bat eraiki espetxean edo erbestean euskal herritar bat dagoen bitartean». Iragarpen batekiko esperantza ere bai: «Gu izan gaitezke hainbat hamarkadaren ondoren preso politikorik gabeko herria ezagutu dezakegun belaunaldia».

Bagoaz-eko Unai Arkauzek espetxea etxean izanik hazi behar izan du eta azaro erdialdean Mont-de-Marsaneko kartzelan espetxe birari ekin zionetako bat da. Frantziar Estatua alderik alde zeharkatu dute lekuan lekuko eragile eta hautetsiekin harremana eta atxikimendua landuz, espetxeetako zuzendari eta arduradunekin euskal presoen gaia partekatuz. Bilana ezin hobea, herritar babesaren txanda orain; «egin den lanketa beti izan da herritarren ahotsarekin batera eramana; hautetsien ardura hartze bat izan da, baina hori ez litzateke posible herritarren indarrik gabe». Biran zehar presoek ere espetxeetan egindako ekimenekin bat egin dutela nabarmendu du, baraualdiak eta itxialdiak gogoratuz.

«Aiete, Luhuso, Baiona... Paris», laburtu zituen mugarriak biraren hasieran Mixel Berhokoirigoinek. Matignon, EPPK, bakegileak... elkarri josten ari diren hiru erpin dira. Gaur Fresnes, bihar Paris; aurreratutakoa frantziar Gobernuaren bulegoetara sendo irits dadin.