INFO

Bizikidetzara bidean, doluan elkar ulertu

Bi herrikide, gertakari ezberdinen protagonista, indarkeriaren biktimak biak eta sufrimenduaren lekuko zuzenak. Sandra Carrascok eta Olatz Etxabek aita galdu zuten, ETAren eskutik lehenak, BVEk hilda bigarrenak. Euren dolua partekatu dute etorkizunari begiratzeko.


Areto ilun batean, grabaketa estudio bat dirudien batean daude eserita. Bata bestearen ondoan, mikrofonoa parean eta aurrera begira, nahiz eta tarteka elkarri begiratzen dioten. Barrutik ari dira hizketan, urte luzeetan sufritutako minetik eta aurrera egiteko erabakitasunetik. Azken urteetan beste hainbat biktimak egin duten moduan, Sandra Carrasco, Isaias Carrascoren alaba, eta Olatz Etxabe, Iñaki Etxaberen alaba, elkarren ondoan paratu dira bizikidetzaz mintzatzeko; momenturen batean ia ezinezko ikusten zuten bizikidetza horretaz.

Aita ETAk hil zion Carrascori; Etxaberi, aldiz, BVEk. Gertakari haiei aurre egiteko nork bere prozesua bizi izan du, bere gorabeherekin, eta dolu hori jaso du “Su/a minetik bakera” dokumentalak. Baita dolu horrek biei ekarri dien ondorio komuna ere. Iñaki Peñak zuzendu du lana, eta Aitor Monje musikaria izan du bidelagun. Atzo estreinatu zuten musikaz, literaturaz eta narratzaile biren hitzez lagunduta eta doan ikuskizuna Arrasaten, guztia hasi zen herrian.

Proiektu honen jatorria ulertzeko, Peñaren ibilbidea ulertzea komeni da. Burgosen jaioa, bilbotartzat du bere burua eta Zarautzen bizi da. Medikua da Arrasateko ospitalean zainketa aringarrietan, bizitzaren azken fasean daudenak artatzen. “Aulki hutsak” dokumentala egin zuen duela lau urte; doluaren inguruko lana zen hura eta hari segida eman dio “Su/a minetik bakera”-k.

Lekua ez da deskuiduan aukeratutakoa. Orain 16 urte hasi zen Peña Arrasaten lanean eta Bilbotik harako bidean hamaika aldiz igaro izan da Kanpazarretik. «Urte askoan euren etxea zabalik egon zen jatetxe moduan eta gustatzen zitzaidan lantzean behin lankideekin han geratzea. Orduan jakin nuen etxabetarren historia, nola hil zuten Iñaki bertan. Gerora, Isaias hil zutenean hemen nengoen lanean. Ez zitzaidan niri tokatu hura atenditzea, baina lankide batzuei bai eta oso gertutik bizi izan nuen», azaldu dio GARAri. Hala, dolua indarkeriaren biktimen ikuspuntutik lantzea otu zitzaion Sandra eta Olatzen eskutik.

«Erraza izan da beraiekin hitz egitea, aurretik topatu izan direlako ‘Memoriaren plaza’ delakoan. Guk beste galdera batzuk planteatu ditugu gainera, gehiago doluaren ikuspuntutik. Ni medikua naiz eta nire bikotekide artistikoa ingeniaria da. Kasu honetan guk zer pentsatzen dugun edo ze ideologia daukagun berdin da. Ez goaz hortik», aipatu du.

Mina hari mutur

Hari muturra dolua da. Gai delikatua da, gutxitan lantzen dena, oso pertsonala delako eta min handia ekar dezakeelako berekin. «Horrelako testigantzak entzun eta gero, galera bat izan duen edozein pertsonak posible du hainbat gauza ikusi berari gertatzen zaizkionak eta norberarenak direnak. Doluak oso ezberdinak dira, baina ezin dugu esan ez daukatenik zerikusirik, heriotzaren kausa ezberdina izanagatik ere», azaldu du. Amankomunean duten horretan egin dute topo Sandrak eta Olatzek, eta dokumentalean ikus daitekeen bezala, ezberdintasunak ezberdintasun, elkar ulertzen dute. «Sentimenduak oso antzekoak dira».

Bakardadea, amorrua, ezin ulertua eta norbera ulertuta ez sentitzea... horretaz mintzo da bakoitza, bai Sandra bai Olatz. Halaxe sentitu izan direlako urte askoan, aita galdu ostean. Batak zein besteak ongi dakite zertaz hitz egiten ari den alboan eserita duena eta horregatik iristen dira ondokoaren mina ulertzera.

Hari horretatik tiraka, bizikidetzaren arloan eta Euskal Herriko hainbat tokitan egiten ari diren lanaz solasean hasita, Errenterian egiten ari diren lana aipatu du Peñak. «Aitzindariak izan dira eta oso ispilu ona da ikusteko. Hori da azkenean bidali behar den mezua, ‘elkarrekin bizi’. Eta hori zelan egiten da? Errespetuz eta enpatiaz. Hori azpimarratu dugu guk ere».

Sandraren hitzak ekarri ditu orduan gogora, honek aitortzen duenean norbaitek, ideologikoki gertu sentitzen ez duen norbaitek, begiak zabaltzen lagundu ziola «beste aldean ere beste sentimendu eta errealitate batzuk badaudela ikusteko».

Begiak irekitze ariketa hori sumatzen da dokumentalean ere, protagonisten eskutik. Hasiera batean, Sandra eta Olatzen artean nabari daitekeen nolabaiteko distantzia desagertuz doa amaiera aldera, biek helmuga bera dutela argitara ateratzen dutenean. «Izenburua ere hortik dator: Suminetik bakera. Adibide bat ipini nahi genuen zentzu honetan. Zerbait positiboa eta eraikitzailea plazaratu nahi dugu».