INFO

Bertsozaleen topaleku izango da BEC, Txapelketa Nagusiaren finalean

Bertsozaleen topagunea bihurtuko da gaur Barakaldoko BEC, hantxe jokatuko baita goizeko 11.00etatik aurrera Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Maialen Lujanbio izango dira oholtzaren gainean, eta gaueko 20.00etatik aurrera jakingo da nor den txapeldu berria. 14.600 ilagunek jarraituko dute finala bertatik bertara. 

Zortzi finalistak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Heldu da egun handia, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala. Goizeko 9.00etan zabalduko ditu ateak Bizkaia Arenak, finala ikustera bertaratuko diren 14.600 bertsozaleei harrera egiteko. Protagonistek, berriz, ordubete lehenago dute hitzordua: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Maialen Lujanbiok, hain zuzen ere.

11.00etan hasiko da txapelketa, eta 14.30erako aurreikusten da goizeko saioa amaitzea. 

Hauexek dira bertsolariek goizeko saioan egin beharreko lanak: 

-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

-Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian. 

-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

-Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Goizeko saioa amaitutakoan, Bizkaia Arena pabiloia erabat hustuko da. Aretoko ateak 15.30ean zabalduko dira berriro, eta saioa 16.30ean hasiko da. 

Hauexek arratsaldeko saioan egin beharko dituztenak:

-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

-Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian. 

Buruz Burukora pasatzen diren bi bertsolariek, berriz, honako ariketak izango dituzte:

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

Binaka, gaia emanda, launa bertso zortziko txikian.

Kartzelako lana:

Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Txapelduna, 20.00etatik aurrera

Iluntzeko 20.00ak aldera sariak emateko ekitaldia hasiko dela aurreikusi da. Sebastian Lizasok jantziko dio txapela txapeldunari.

450 pertsona ariko dira gaur BECek hartuko dituen 14.600 bertsozaleen joan-etorriak kudeatzen. Une oro beren argibideei kasu egiteko eta aretora sartzeko behar bereziak izanez gero aurrez eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Eserlekuen artean hutsunerik ez uzteko ere eskatu dute.