Euskal presoak «etxean eta bizirik», Kalera Kaleraren aldarria Zaballako espetxean
Martxa egin dute Zaballako espetxera, presoen eskubideak aldarri. Aipatu espetxean da Txus Martin, larriki eri den presoa, eta haren askatasuna eskatu dute, baita gaixorik dauden gainerako preso guztiena ere.
200 lagun inguru bildu dira larunbat honetan, Gabonen testuinguruan eta Kalera Kalera dinamikak antolatutako espetxe martxen baitan, Subijanatik abiatuta Zaballako espetxera gerturatu den martxan.
Abiatu gara Subijanatik Zaballako espetxera.#DenakGurekin nahi ditugulako, denok #Kalera! pic.twitter.com/2tw6vmQekU
— Sortu #GoraHerria (@sortuEH) 23 de diciembre de 2017
Martxarekin, gertu diren data seinalatuetan etxeko mahaietan faltako diren lagunekin gogoratu nahi izan dute, baina salaketa zentzu bat ere izan du mobilizazioak. Euskal preso politikoek bizi duten egoera salatu dute, bereziki larriki gaixo diren horiek.
Horien artean dago Txus Martin, Zaballako espetxean preso. Halaber, larriki gaixo diren preso guztien kaleratzea aldarrikatu dute.
Txus Martin, larri gaixo dagoen preso politikoak entzun gaitzala.#DenakGurekin#Kalera pic.twitter.com/f4PHd8wvLS
— Sortu #GoraHerria (@sortuEH) 23 de diciembre de 2017
«Kolektiboak urratsak eman ditu azken hilabeteetan, eta zentzu horretan guk eskatzen duguna da beraien eskubideak errespetatuak izan daitezela; eskubidea dute, besteak beste, kondena etxetik ahalik eta gertuen betetzeko», adierazi dio NAIZi Oihana San Vicente Sortuko kideak.
Gaurkoa Kalera Kalerak antolatutako dinamikaren lehenengo mobilizazioa baino ez da izan. Datorren larunbatean, esaterako, manifestazioa egingo dute Iruñeko kaleetan eta igandean Basauri eta Martuteneko espetxeetara egingo dituzte martxak.