INFO

Euskalduna Jauregiko Eulen enpresako langileek greba mugagabea hasi dute

Bilboko Euskalduna Jauregian azpikontratatuta zerbitzu osagarriak eskaintzen dituen Eulen enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, abenduaren 28an, «lan baldintza duinak» negoziatzeko helburuarekin.


Eulen enpresako langileek agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, greba deialdia iragartzeko. Agerraldian adierazi zuten 45 langile direla Euskalduna Jauregian azpikontratutako zerbitzuak eskaintzen dituztenak. Oro har, aretoen muntaia eta desmuntaiaz, laguntza teknikoa eskaintzeaz, atezainen laguntzaile izateaz, bisitariak kokatzeaz, arropategiaz, ekitaldiak koordinatzeaz eta leihatilan egoteaz arduratzen dira.

Horrela, azpimarratu zuten «helburu argi batekin» antolatu direla, hain zuzen, Euleni «lan baldintza duinak bermatu ditzala exijitzeko». Halere, eskatzen dutena bermatzeko «borondaterik ez» dagoela ikusita, Euskalduna Jauregian greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten.

«Eulen enpresan urte askotan lanean aritu eta gero, hauxe da gure egunerokoa: legeak ezarritako langa gainditzen duten lanaldiak; lan egutegirik ez; plusak ez dira bermatzen, txanda aldaketei dagozkienak, gauez lan egiteagatik jaso beharrekoak, antzinatasunari lotutakoak; lanerako prest egon behar dugu edozein momentutan; ordutegia noiznahi aldatzen digute aldez aurretik abisatu gabe; soldata prekarioak, orain dela urte asko gaurkotu gabekoak; lan osasuneko araudia ez da errespetatzen; iruzurra kontratazioetan», salatu zuten.