INFO

Eskubide urraketak jasotzen dituen erakusketa antolatu dute Altsasun

«Altsasu, eskubide eta askatasu demokratikoak jokoan» erakusketa ikusgai izan da egunotan Iortia kultur etxean. Bertan, Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda atxilotu zituztenetik igaro diren 14 hilabeteotan gertatutakoa bildu dute. Erakusketa Euskal Herriko eta Europako beste toki batzuetara eramateko prest azaldu dira Altsasukoak Aske plataformako kideak.

Auziperatuen senideak eta Altsasuko herritarrak, gaur Iortian erakusketaren berri emateko egin duten agerraldian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

«Urte honetan agendaz hitz egin dezakegu. Apirilean epaiketa izango da etxetik 500 kilometro hotzetara dauden eta bigarren Eguberriak etxetik kanpo giltzapeturik pasa dituzten Oihan, Jokin eta Adur epaitzeaz gain, Ainara, Jon Ander, Julen, Aratz eta Iñaki ere epaituko dituzte. Denetara, fiskaltzak 375 urte eskatu ditu. Izugarrikeria galanta pairatzen ari gara, oinarrizko printzipio demokratikoak dituen edonork onartu ezin duena», gogoratu dute plataformako kideek.

Altsasun egunotan jende ugarik ikusi duen erakusketan Altsasuko gazte hauek eta oro har Sakanako herri honek pairatu duena jasotzen da: muntaia poliziala, komunikabideen kriminalizazioa... Baina baita ere elkartasun uholdea eta gertatutakoa salatzeko egin dituzten bidaia ugari.

«Ez dago soilik arriskuan gure lagunen etorkizuna, ez daude hauek soilik akusatuen aulkian, gizartearen etorkizuna da jokoan dagoena. Askatasun demokratikoak murrizteaz ari gara, eskubideak murrizteaz ari gara eta legea nahi bezala erabiltzeaz ari gara. Horrek guztioi eragiten digu. Edozein tokitan goizaldeko bostetako liskartzat hartzen dena, Altsasun, ordea, terrorismo antolatua da. Askatasun demokratikoa eskatzen dugu, biltzeko askatasuna, adierazpen askatasuna, mugitzeko askatasuna... bizitzeko eta izateko askatasuna exijitzen dugu», gaineratu dute plataformako kideek, bide batez hilabete hauetan jasotako elkartasuna eta sostengua eskertu dutelarik.

101 egun epaiketarako

Auziperatu guztien senideen izenean, Isabel Pozuetak eta Edurne Goikoetxeak hartu dute hitza, epaiketa izateko 101 egun falta direla gogoratzeko. «Epaiketa honetan egiten diren eskaerak bidegabeak eta krudelak izateaz gain, inolako berme juridikorik gabe planteatuta dago. Gure seme-alabentzat ez da inoiz errugabetasun-presuntziorik izan. Fiskaltzaren aldertik kontuan hartu den bertsio bakarra Guardia Zibilak eta beste akusazioek egindakoa izan da. Bertsio bakarra Estatuaren pean dauden hedabide generalistek anplifikatu dute. Defentsek aurkeztu dituzten adituen froga, lekukoenak eta froga dokumental gehienak atzera bota dituzte», salatu dute.

Gauzak horrela, datotzen hilabeteotan bidegabekeria hau salatzen jarraitzea dute helburu.