INFO

50 lagun epaituko dituzte Madrilen, epaiketa batean herri harresia irudikatzeagatik

Bost hilabeteko kartzela zigorra eta bi urtez epaiketetara publiko gisa joateko debekua eskatzen du Fiskaltzak astearte honetan hasita Madrilen epaituak izango diren 50 lagunentzat. 2015ko maiatzean Ernai gazte antolakundeko zortzi kideren aurkako epaiketan herri harresi bat irudikatzeagatik «desordena» egozten diete guztiei.

Epaituak, herri harresia irudikatzen. (@ErnaiAntolakundea)

2015eko maiatzean Ernai gazte antolakundeko zortzi kidek epaiketa izan zuten Audientzia Nazionalean. «Terrorismoa» egozten zieten, 2013ko Gazte Danbadan Xabier Lopez Peña zendu berria zen presoari egindako ekitaldi bategatik.

Auzipetuen artean zen Periko Solabarria ere, baina osasun arazoak tarteko atzeratu egin zioten bista. Absolbitu egin zituen guztiak Angela Murillo epaileak; Periko ez zen epaiketa egunera iritsi.

Iragan ziren orduko bizpahiru aste, Segiko kide izatea egotzita, Audientzia Nazionalak Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban gazteak espetxeratzea agindu zuenetik. Azken hiruak Gasteizko Herri Harresian atxilotu zituzten; sei hilabeteren buruak guztiak absolbitu zituen Auzitegi Gorenak.

Espetxeratutako gazteekin elkartasunez, protesta ekimena egin zuten Ernaiko kideek eta epaiketa jarraitzen ari ziren publikoko kideek: deklarazioaren erdian zutitu eta espetxeratuen aurpegiak zituzten kamiseta laranjekin «euskal gazteria aurrera» oihuak bota zituzten.

Murillo epaileak epaituak eta publiko osoa aretotik bota zuen; bueltan, «desordenagatik» diligentziak abiatuko zituela adierazi zuen. 2015ean abiatutako diligentzia horien jarraipena da astearte honetan Madrilen abiatuko den epaiketa.

50 lagun izango dira epaituak –Ernaiko auzipetuak gehi publiko bezala bista jarraitzen ari ziren guztiak–, eta epaiketa Alcala de Henareseko epaitegian izango da. Sei eguneko epaiketa dago aurreikusia, eta fiskalak bost hilabetetako kartzela zigorra eta bi urtez epaiketetako bistetara publiko gisa joateko debekua eskatzen du denentzat.