Larunbatean Bilbora joateko deia egin du Etxeratek, «kaleek gainezka egin dezaten»
‘Prest gaude’ lemapean Sarek larunbaterako deitu duen manifestazioarekin bat egin du Etxerat elkarteak eta, horregatik, presoen senideak ez dira asteburu honetan bisitetara joango. Euskal jendarteari ere Bilbora joateko deia egin diote «kaleek gainezka egin dezaten».
«Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Elkar egoteko beharra dugu, benetako bakea eta gatazkaren konponbidea behingoz lortzeko, eskubideen urraketak gainditzeko eta gure senide preso, iheslari eta deportatu politikoak Euskal Herriratzeko», nabarmendu dute Etxerat elkarteko bozeramaile Naike Diez eta Patricia Velezek Hernanin egindako agerraldian.
Euskal jendarteak emandako «aurrerapausoa kualitatiboki azpimarratzeko modukoa» dela nabarmendu du Etxeratek, «konpromisoz eta duintasun osoz, Estatu espainiarrak zein frantziarrak jarritako traba eta blokeo guztiak gainditu eta bake prozesua beste agertoki batera mugiarazi baitu». Borondate hori apirilaren 8an Baionan eta abenduaren 9an Parisen islatu zela aipatu dute.
Horrez gain, EPPK-k hartutako erabakiak, Foro Sozialak egindako ekarpena edota Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuek larriki gaixo dauden presoen egoera konpontzeko exijitu dutela gogoratu du Etxeratek. Urruntze politika alde batera uzteko Europako Parlamentuak onartu zuen Bergeron txostenari ere garrantzi berezia aitortu dio elkarteak.
Preso kopurua jaitsi bada ere, askatasuna lortu duten guztiek beraien kondena osorik bete dutela azpimarratu du Etxeratek, «salbuespen neurriek indar berean» jarraitzen dutela argituz. ETAk jardun armatuari behin betiko bukaera eman zionetik igaron diren sei urteotan Estatuek «borondate eza eta krudelatasuna» mantentzen dute, Etxeraten aburuz, eta tarte honetan «sufrimendua eta mendekua» nagusi izan direla esan dute.
«Horregatik bidea egiten jarraitzea suertatu zaigu, egoera honi bukaera eamteko aukera bakarra delako herri gisa, gizarte osoak aurrera egitea», azaldu dute.
Azkenik, adierazi dute asteburuan ez direla bisitetara joango, Sarek deitu duen manifestazioan parte hartzeko eta dei berezia egin diote euskal jendarteari bertan izan dadin.