JoxAnton Artze poeta zendu da
JoxAnton Artze poeta eta Ez Dok Amairuren sortzeileetako bat zendu da. Mikel Laboaren kanta ezagunetako batzuen letren egilea ere bazen. Besteak beste, ‘Txoria txori’ eta ‘Gure bazterrak’ idatzi zituen. Bihar arratsaldean egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, Usurbilen.
JoxAnton Artze idazle, poeta eta txalapartari usurbildarra hil da, 78 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Euskal literaturan garrantzi berezikoa izan da Artze eta ekarpen handia egin dio. Poeta gisa, hamar liburu argitaratu zituen. 1966an Euskal Kantagintza Berria mugimenduaren baitan Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin batera, besteak beste.
1969an, Ez Dok Amairu taldeko hainbat kiderekin ‘Baga, Biga, Higa’ ikuskaria prestatu zuen. Horrez gain, ikus-entzunezko ekitaldiak ere antolatu izan ditu. 1974. urtean Ez Dok Amairu banandu eta berehala, Mikel Laboarekin, taldeko hainbat kiderekin bere anaia Jexuxekin musika, dantza eta poesia batzen zituen ‘Ikimilikiliklik’ saioa prestatu zuen.
Laboarekin lotura erabatekoa izan du bere ibilbidean eta besteak beste, ‘Txoria txori’ edo ‘Gure bazterrak’ abestien letraren egilea da Artze.
Joxan Artze idazle eta musikaria hil da. Hemen, Otxozelaia harpeetan Benat Axiarirekin #ikimilikiliklik https://t.co/yYIWrR0hEz
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) January 12, 2018
Haren aldeko hileta elizkizuna bihar arratsaldeko 19.00etan egingo dute Usurbilgo San Salvador elizan.
Usurbilgo Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren oharrak
Xabier Arregi Usurbilgo alkateak Artze pertsona gisa nabarmendu nahi izan du. «Begiratu erneko pertsona zen, kanpora eta barrura. Kanpoan ibilia bai, baina ezeren gainetik usurbildarra. Herrian egon baino, herrian bizi egin da Artze. Herriko gaiekin, euskararekin konprometitua, eragilea», adierazi du ohar batean. Herriko «memoria bizia» izan da, Arregiren esanetan: «Etnografoa ere bada».
Bere dimentsio artistikoa, ausardia eta ikusmira ere goraipatu ditu alkateak, «artista handia izan zen Artze, berritzailea, eraldatzailea, nola formaz hala mamiz». «Bere garaiko kanonekin apurtu zuen, baina sentsibilitate handia erakutsi zuen gure erraiekin, sustraiekin, ondarearekin», esan du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak usurbildarraren heriotza deitoratu du eta euskal kulturari, euskarari eta kantagintzari egindako ekarpen aberatsa eskertu du.
«Joxean Artzek hitzak jarri zizkion gure imajinario kolektiboan hain sakon errotuta dauden hainbat eta hainbat abestiri. Kategoriako pertsona joan zaigu. Esaera, esaldi eta hausnarketa oso sakonak utzi dizkigu, euskarari, haren balioari eta gure kulturari buruz, eta bihotzean gordeta ditugu guztiak», adierazi du Denis Itxaso Kultura diputatuak.