INFO

Euskal kulturak Usurbilen eman dio azken agurra JoxAnton Artzeri

Belaunaldi desberdinetako sortzaileak bildu dira gaur arratsaldean Usurbilgo parrokian JoxAnton Artzeren hileta elizkizunean. Sortzaile usurbildarrak utzitako ondarearen garrantzia izan dute guztiek ahotan.

Artzeren hitzek jantzi dute Usurbilgo eliza bera ere. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

Benito Lertxundi, Anjel Lertxundi, Jose Anjel Irigaray, Gontzal Mendibil, Xabi San Sebastian, Jose Antonio Sistiaga, Jon Sarasua, Jabier Muguruza, Mixel Etxekopar, Beñat Axiari... Belaunaldi desberdinetako sortzaileak eta diziplina desberdinetan aritzen direnak batu dira gaur Usurbilgo parrokian JoxAnton Artzeren azken agurrean.

Guztiek izan dute bere ondarea aipagai, eta bere sorkuntzak euskal kulturan izan duen garrantzia azpimarratu dute. Sistiaga margolariak, esaterako, ezagutu zueneko momentua ekarri du gogora. «64an izan zela uste dut, Mikel Laboaren bitartez. Noizean behin elkartzen ginen eta hizketan jarduten genuen. Oso gazteak ginen».

Gontzal Mendibil musikariak ahotan izan du Artzeren poesia, «musikarekin jolasten zuen. Sortzaile handia zen, edo handienetakoa».

Benito Lertxundik Ez Dok Amairuko garaiak aipatu ditu. «Ez Dok Amairu aurreko mende erdi osoa izan zen. Garai berri baten hasiera».

Jabier Muguruzak oso gazte zela ezagutu zuen JoxAnton Artze. «Ez ninduen goitik behera begiratzen, nahiz eta ni garai hartan ez nintzen inor kulturaren alorrean. Soinua jotzen ezagutu nuen Imanol eta Leterekin batera».

Parrokiaren kanpokaldean Artzeren poemak izan dira ikusgai proiektore baten bitartez. Megafonian, Mikel Laboaren kantuak, "Txoria txori" tarteko.