INFO

Izturitzetik bazter lanbrotsuetara


Bizitzaren atea dukegu heriotza», zioen Artzek. Aspaldi honetan lurralde horretan bizi izan zen, eta poesia ere gogo-bide horietan sortu eta ondu zuen. Joan den mendeko 60ko hamarkadan, Europan barna ibili ondoren, sustraiak berraurkituz, herrira itzuli zen. Lehenengo hitz bilakatze saioak errotik bizi zituen egoera pertsonal eta kolektiboek eragin kezka eta arranguren inguruan gauzatu zituen… Garai berean, etnografiako tresna gisa gelditzear zegoen txalaparta berreskuratuz, Lasarteko Zuaznabar anaien eskutik eta Jexux anaiarekin batera, gaurko moldeetara ekarri zuen, era garaikidean eta zabalkunde eta arrakasta handiarekin, are gure mugetatik haratago, musika garaikidean preziatua eta erabilia baita. Dena, ahotsa, hitza eta doinua, performance esperimental moduan, sorkuntzan murgilduz eta ongi hausnartutakoan barnatuz. Bestetik, poesian “Isturitzetik Tolosan barru” bezalako poesia-liburu esperimental eta abangoardiakoa ondu zuen (poesia espaziala, gaiak tratatzeko era, aipuak, disko batean gauzatua…), bide-berritzaile orduan eta gaur egun ere, oraindik.

Testuinguru horretan Ez dok Amairu taldea, nola ez, eta hamarkada hartan garatu zen kultur berpizkundea (arte plastikoan –Oteiza erdian–, antzerkian, dantzan, literaturan, arkitekturan…). Bertan bidaide hurko izan ginen puska batean, taldekide guztiekin batera eta beste hainbatekin. Artean hark sortu hainbat poesia gure imajinarioan txertaturik daude, erreferente gisa. Tartean gure bazterretan, Mikel Laboaren zilarrezko ostertzean, hegan dabilen hain maite zuen eta unibertsal bilakatu den txoria.

Poesia-bidea hitzen magiak liluratua eta transzendentziak zeharkatua oparo jorratu zuen, Isturitzetik Isturitzera hainbat une-lekutan barna (ez hain aspaldi, berriz ere ahotsa, hitza eta doinuen esperimentazioan, Isturitzera itzulia baitzen). Baina orain dolu-garaia da, azken liburuetan zioen «Heriotzaren ataria dugu bizitza» horretatik «Bizitzaren atea dukegu heriotza» horretarako urratsa eman du eta. Gaurgoitik, ate hori zeharkaturiko lurraldean da.