INFO

Puntu on bat besapean itzuli da Athletic Cornellatik (1-1)

Puntu bat lortu du Athleticek Cornellan Espanyolen aurka jokatu duen neurketan. Berdindu egin behar izan dute zuri-gorriek markagailuan atzetik abiatu duten partida. [Neurketaren xehetasunak]

Neurketa biziki lehiatua izan da. (@AthleticClub)

Hamaikagarren, Europan jokatzeko aukera ematen duten postuak jaitsierakoak baino hurbilago, amaitu du Athleticen lehenengo itzulia. Bartzelonako Cornella estadioan eskuratu du azken puntua, Espanyolen aurka jokatutako partida banakoarekin amaitu ostean.

Ongi hasi dute neurketa zuri-gorriek, partiduaren aginte makila hartuta, Pau Lopezek defendatutako atera gerturatuz. Aukera argirik sortu gabe, nagusi ziren lehoiak Espanyolek lehen gola egin duenean. 28. minutua zen, eta Ricoren akats bat baliatu du Gerard Morenok etxekoak markagailuan aurreratzeko.

Markagailuan atzetik, une txarrak bizi izan ditu Athleticek, baina okerren zegoenean egin dute min gehien zuri-gorriek. 30.ean Adurizek eman du lehenengo abisua buruz, baina bere errematea etxekoen atezainaren eskuetara joan da. 35.ean, baina, Williamsek ez du barkatu eta banakoa jarri du markagailuan. Izan du Raul Garciak bigarrena sartzeko aukerarik partidua atsedenaldira iristear zela, baina bere erremateak ez du aterik aurkitu.

Bigarren zatia ere ongi hasi du Athleticek; 47.ean egin du lehen errematea Williamsen bidez. Baina gaurko protagonista Gerard Moreno izan da. Berak izan ditu gol aukera garbienak, 52 eta 60. minutuetan izan dituenak kasu.

Joan etorriko partidua izan da azkeneko 20 minutuetan, eta horren adibide azken minutuak. Laportek Athleticek hiru puntuak eskuratzeko aukera izan du 93. minutuan, baina bere jaurtiketak ez du atea topatu. Azken aukera, baina, Gerard Morenorena izan da; honek ate aurrean ez asmatu ostean amaitu da neurketa.

Partidaren xehetasun guztiak, NAIZen webgune berezian.