INFO

09550 zenbakiarentzat izan da Tripontziaren saria eta 102.000 euro utzi ditu Urduñan

Tripontziaren Urteberriko Sariaren zozketa eginda, 09550 zenbakia izan da sariduna eta zenbaki horren ‘Zuberoa’ seriaren jabeak 60.000 euro eramango ditu, gainerako serieei 6.000 euroko sari bana dagokien bitartean. Urduñan saldu zen zenbaki sariduna.

09550 zenbakiak irabazi du Tripontzia Saria.

Notario aurrean egin dute Tripontziaren zozketa, Beasainen, eta 09550 zenbakia da sariduna. Zenbaki horren ‘Zuberoa’ seriarentzat izan da sari nagusia, 60.000 eurokoa, gainerako serieak dauzkatenek (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Diaspora) 6.000 euroko sariak eramango dituzte.

Boleto sariduna Urduñan saldu zen eta, hain zuzen, herri horretan banatuko dituzte sariak, otsailaren 17an.

«Epe luzera begira»

Tripontzia Urteberriko Saria «epe luzera begira» sortutako egitasmoa da, Gure Esku Dagok eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak elkarlanean bultzatutakoa. «Lurraldetasuna eta euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartzen duen formatu honetako lehen zozketa da», azpimarratu dutenez.

Azken hilabeteotan Euskal Herri osoan zehar saldu dituzte boletoak, bost euroan, eta jasotak dirua aipatu bi erakundeak finantzatzeko erabiliko da, «erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu eta bizkortzeko egitasmoak laguntzeko».

‘Bada zerbait irabazteko garaia’ lelopean egin dute aurtengo Tripontzi honen kanpaina eta, sustatzaileek goraipatu nahi izan dutenez, «gaur denok irabazi dugu».