INFO

Guggenheim Fundazioa zigortua, greba eskubidea urratzeagatik

Bilboko epaitegi batek Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioa kondenatu du 2016ko udan azpikontratatutako hezitzaileen lan gatazkan zehar «greba eskubidea urratzeagatik».

LAB sindikatuaren protesta Guggenheimen prekarietatea salatzen.

Bilboko epaitegi batek Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioa kondenatu du 2016ko udan azpikontratatutako hezitzaileen lan gatazkan zehar «greba eskubidea urratzeagatik».

LAB sindikatuak ezagutzera eman zuen atzo Manpower Groups Solutions SLU eta Guggenheimen kontrako epaiketako lehenengo sententzia. Horren arabera, 6.251 euro ordaindu beharko dizkiote langile bati eta plantillan berriro onartu beharko dute, bere kaleratzea indargabetuz.

Datozen egunetan epaiketaren baitan saio gehiago egotea espero da, gainerako langileek antzeko salaketak jarri baitituzte.

Injustiziaren aitorpena

Protestak 2016ko uztail eta abuztu bitartean gertatu ziren. Plantillako 18 langile azpikontratatuk hainbat mobilizazio eta greba egin zituzten, lan baldintzak hobetzeko eskatuz. Ondoren, museoak hezitzaileen zerbitzuak barneratzea erabaki zuen eta greba egin ez zuten 3 langile kontratatu zituzten. LABek azaldu zuenaren arabera, hiru pertsona horiek izan ziren greba egin ez zuten bakarrak, eta «kalean utzi zuten protestak babestu zuen kolektiboa». Sindikatuak esan zuenez, epaiak argi uzten du erabaki hori «lan baldintza duinak aldarrikatzen zituztenen kontrako mendekua» izan zela.

Hori dela eta, urte eta erdian langile taldeak sufritu behar izandakoa kontuan hartuz, bere poza agertzen du azkenean egin dieten «injustizia» aitortu zaiela-eta.

2016ko ekainean, Bilboko Arte Ederren Museoko langile azpikontratatuek greba hasi zuten, baina kasu honetan Manpowerrekin izandako eztabaidek fruituak eman zituen eta hilabeteren ostean lanera itzuli ziren.