Dispertsio politikak urteko lehen ezbeharra eragin duela salatu du Etxeratek
Topaseko espetxean dagoen Xabier Ugarte Villar euskal presoaren emazteak ezbeharra izan zuen atzo ilunabarrean, bisitaren ostean. Etxeratek salatu duenez, dispertsio politikak eragindako urteko lehen ezbeharra da. «Zorionez, ez zuen inongo zauririk sufritu bidaiariak».
Etxeratek dispertsio politikak eragindako urteko lehen ezbeharra salatu du prentsa ohar baten bidez. Bertan adierazten da Topaseko espetxean (Salamanca, 403km) dagoen Xabier Ugarte Villar euskal presoaren emazteak istripua izan zuela atzo ilunabarrean, bisita izan ostean.
19.30etan, bisita ostean, Euskal Herrira abiatu zen Susana Uribetxeberria. Topaseko espetxetik bi kilometrotara, baina, ustez basurde bat izan zitekeen animalia baten aurka jo zuen; animaliak ihes egin zuen kolpearen ostean. «Zorionez, ez zuen inongo zauririk sufritu bidaiariak [Uribetxeberriak, Ugarteren emazteak], baina autoa bertan utziz Euskal Herrira itzuli behar izan zuen taxi batean», azaldu du Etxeratek.
Jazotakoa medio, euskal presoen senideen elkarteak salatu du, batetik, «urte hasierarekin bat gure kontagailua hutsetik hasi baldin bada ere», 20 urte beteko dituen dispertsio politikak 400dik gora istripu eta milatik gora zauritu eragin dituela gaur arte, «horrek suposa dezakeen ardura politiko guztiarekin».
Bestetik, Xabier Ugarteren emaztea, beste ehunka euskal preso politikoren senide eta lagun bezala, ez zela Salamanca inguruko errepide horietan ibili behar: «Presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartuta izaten dira asteburuero ehunka euskal herritar, eta nahitaezkoa bidaia luze hauen erruz 16 hildako izan dira».