INFO

Irakastereduen sistema aztertzea proposatu du EHEk

Euskal Herrian Euskarazek ikerketa eskatu zion Aztikerri azken 35 urteetako euskararen bilakaera aztertzeko. Helburua Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea martxan jarri zenetik orain arte eman diren aldaketak esku artean izatea da. Ondorioztatu dute euskararen ezagutza nabarmenki handitu dela, baina gizartearen ekimenari esker. Hezkuntza sistemari kritika zorrotza egin diote.

Aztikerreko Asier Etxenikek eta EHEko Urko Aierbek aurkeztu dute txostena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Aztikerreko ikerlaria den Asier Etxenikek eta Euskal Herrian Euskarazeko kide den Urko Aierbek egin dute ikerketaren aurkezpena gaur goizean. Lehenak, datu gordinak eman ditu eta bigarrenak EHEren balorazioa ezagutzera eman du. ‘Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn 1983-2016’ txostenak duela 35 urte Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea martxan jarri zenetik orain arteko datuak biltzen ditu. EHEren ustez, ikastereduek ez dute bermatu ikasleak euskaldun bilakatzea, batzuek ez dutelako euskara sekula ikasten eta beste batzuek ikasi bai, baina mailarik gabe. Hori dela eta, horiek berraztertzea proposatzen du.

Lege hura frankismotik zetorren gizarte baten ekimenez sortu zen euskara berpizteko intentzioarekin. Bere garaian fruituak eman zituen. Izan ere, 1975ean EAEko %24a besterik ez zen elebiduna, eta gehienak helduak ziren. Euskalduntzearen «apustu indartsu» honen ostean, hezkuntzako D ereduak gora egin zuen eta A ereduak gainbehera nabarmena nabaritu zuen, batez ere Haur Hezkuntzan. Adinean gora egiten zen heinean, bien arteko desberdintasuna xumeagoa zen; Batxillergoan B eredua desagertzen denez, B eredukoek A eredura jotzen dute beren burua D ereduan euskaraz aritzeko gai ikusten ez dutelako.

Hezkuntza eredu horiek direla eta, segregazioa ageri da ikerketan, migratutako haurrak A edo B ereduan hezten dituztelako gehienbat. Migrazioengatik edo hasierako mailetan ikasten den euskara nahikoa ez delako, 2011an 20-24 urte zituzten gazteen artean beherakada bat ikusi dute euskararen ezagutzari dagokionez, nahiz eta joera goranzkoa izan.

Atzerriko hizkuntzak

Bestalde, atzerriko hizkuntzen inguruko ikerketa ere egin du Aztikerrek. Ingelesera mugatuz gero, datuek diote 2011-2015 urteetan egindako inkesta baten arabera populazioaren %30-35ak hitz egin eta ulertzen zuela. Datu horiek %75era igotzen dira 18-29 urte bitartekoen artean. Horrek esan nahi du ingelesa oso azkar hedatu dela, eta jada euskararen ezagutzaren pare kokatzen dela. «Euskararen hedapena ez al ziteken azkarragoa izan?», galdetu du Etxenikek ingelesaren bilakaera ikusita.

Milioi bat euskaldun

Azkenik, 35 urte hauetako hiztun kopuruari dagokionez, jakin izan dute 82.000 lagunek ama hizkuntza euskara dutela, 45.000 pertsonek euskara eta gaztelania dutela etxean, 157.000 eskolan euskaldundu direla eta 206.000 lagunek euskara ez dutela sekula ikasi. Datu honi erreparatuz gogoeta egin du Aierbek: «Zer gertatuko litzateke 206.000 ikasler horiek euskara ikasi izan balute? 2011an 749.182 euskaldun elebidun zeuden (populazioaren %36,4) EAEn, eta 206.000 horiek gehituz gero 955.445 izango ginateke. Orain, zazpi urte geroago, milioi bat euskaldun izango ginateke, populazioaren erdia baino gehiago. Kualitatiboki jauzi garrantzitsu bat izango zen Legea bete izan balitz», aipatu du.

Egun Lakuak dituen helburuetako bat da 2020rako 25 urtetik beherakoen %75a euskaldun izatea, hau da, «planteatzen ari dira %25a euskalduna ez izatea eta gainera harrotzeko helburu bezala hartzen dute, egoera desiragarri bezala», salatu du EHEko bozeramaileak helburua ikasle guztiak euskaldun izatea izan beharko litzatekela azpimarratuz.