INFO

Transfobiaren aurka eta gorputz guztien alde, samindutako sareak

Joan den ostegunean hilik aurkitu zuten 16 urteko Ekai gazte transexuala agurtzeko, saminez eta etsipenez bete dira sareak eta Ondarroako eta hiriburuetako bazterrak.

Ondarroako elkarretaratzearen une bat. Turrune!-ko irudia.

Ostiralean ezagutu genuen Ekai gaztearen heriotza. Bezperan bere senideek hilik aurkitu zuten 16 urteko gazte transexual ondarrutarra eta adin txikiko transexualen senideen elkartea den Chrysallisek «jendarte osoak galdutako borrokatzat» jo zuen heriotza.

Ekaik egunero parean zituen borrokak nerabe batentzat gehiegi izan litezkeela ondorioztatu zuen Chrysallisek komunikabideetara igorritako oharrean. Erregistroan izen-aldaketa lortzea, Gurutzetako ospitaleko Genero unitatean inoiz iritsi ez baina premiazkoa zuen hormona-tratamendua edo institutuan bere errealitatea azaldu eta errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borrokak jarri ditu «eguneroko borroka gehiegi» horien adibidetzat.

Gaztearen heriotzaren berriak sare sozialak saminez busti ditu eta sona berezia izan dute Ekairen aitaren agur hitzek. Facebooken, euskaraz eta gazteleraz, zabaldutako mezuak bere seme Ekairen heriotza «alferrikakoa» ez izatearen desioa ezkutatzen du; «zuk behin eta berriz esan zenuen bezala, atzetik datozenei bidea errazteko balio dezala gutxienez», dio haren aitak Elaxar Lersundik.

 

Makina bat elkarbanatze eta iruzkin jaso ditu aitaren mezuak.

Asko eta askotarikoak izan dira heriotza honen aurrean sentitzen duten atsekabea sare sozialen bidez plazaratu nahi izan dutenak.

Elkarretaratzeak sorterrian eta hiriburuetan

Ekairen heriotzak samina eta etsipena ekarri ditu Ondarroara. Ekairen senide eta lagunekin elkartasunez eta transfobiarik gabeko herri aske baten alde hiru egunetako dolua deitu zuen Ondarroako Udalak.

Era berean, Ekairi «gero arte» esan eta «oraindik zain daudenen neska-mutilengatik» aniztasunaren aldeko elkarretaratzea egin zuen larunbatean  Chrysallisek Ondarroako Musika plazan.

Iruñean eta Donostian ere azken agurra eman nahi izan zioten igandean eta harena azken heriotza izan dadin konpromisoak hartzera gonbidatu zituzten eragile politikoak.

Gaur ere elkarretaratzeak izango dira Bilbon zein Gasteizen.

Ttiklikek gurean duen blogean Ekairen heriotzak eragindako saminaren inguruan hausnarketa egin du.