INFO

Etzi irekiko da EAEko Hezkuntzako oposizioetarako izena emateko epea

Asteazkenean irekiko da Gipuzkoa, Bziakaia eta Araban aurten egingo dituzten Hezkuntzako oposizioetarako izena emateko epea. Guztira 1.511 plaza eskaintzen dira, Bigarren Hezkuntzako irakasle nahiz Lanbide Heziketako irakasleen kidegorako.

Iaz BECen egin zen hezkuntzako oposizioetako lehen azterketaren irudia. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

EAEko Agintaritzaren Aldizkariak bihar argitaratuko du Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoan eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoan sartzeko hautaketa-prozedura deitzen duen agindua. Hurrengo egunean, asteazkenean, irekiko da oposizio horietarako eskaerak aurkezteko epea. Martxoaren 19ra arte egongo da zabalik.

Guztira 1.511 eskainiko dira eta oposizio-aldiak bi proba izango ditu, Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez. Horietako bakoitza bi zatitan egituratuko da eta proba bakoitza kanporatzailea izango da.

Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegorako lehen proba ekainaren 21ean izango da, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegorakoa, berriz, ekainaren 23an. Modu horretan, pertsona bat bi deialdietara aurkeztu ahal izango da, hala nahi badu.

Lehen proban aukeratutako iraskaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatu beharko dituzte aurkezten direnek eta gai bat idatziz garatu beharko dute, espezialitate bakoitzeko gai zerrendatik epaimahaiak ausaz hautatutakoen artetik aukeran. Bigarren zatian, proba praktikoa izango dute –hau ere idatziz–, hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko.

Lanbide Heziketako espezialitateei dagokienez, proba praktikoak, simulazioak, ariketak ebaztea, planteamendu didaktikoak (erronkak, proiektuak), edo balizko kasuak egin beharko dituzte.
 
Lehen proba gainditzen dutenak bigarrenera pasako dira eta programazio didaktiko bat aurkeztu eta defendatu beharko dute. Programazio didaktiko hau aurkezteko epea 2018ko maiatzean irekiko da. Gainera, unitate didaktiko bat prestatu eta aurkeztu beharko dute.