Martxoaren 8ko greba feministaren aldarrikapenekin bat egin du Emakundek
Martxoaren 8aren harira, helduek gazteengan duten eraginean jarri du arreta Emakundek eta egun horretarako mugimendu feministak deitutako grebaren aldarrikapenekin bat egin du Izaskun Landaida zuzendariak.
Martxoaren 8ko greba feministaren aldarrikapenekin bat egin du Emakundek. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak greba hau «ohiko greba orokorraren kontzeptutik haratago» doala adierazi du eta aldarrikapenak ere lan mundutik haratago doazela azpimarratu.
bere aldetik, Emakundek «belaunaldi gazteagoekin arduratsu jokatzeko eta egunero transmititzeko berdintasuna bizitzaren arlo guztietan» eskatu dio gizarteari martxoaren 8aren harira. ‘Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna’ lelopean, gazteak ditu protagonista kanpainak, baina helduek hauengan duten eragina nabarmenduz..
Honen bitartez, «berdintasunean oinarritutako balioak ez direla berez» sortzen azpimarratu nahi du Emakundek. «Berdintasuna ikasi egiten da, beste balio, jarrera edo gizartean jokatzeko modu batzuk ikasten diren bezala, eta, horrenbestez, pertsonen sozializatzearekin zerikusia duten eragile guztiek erantzukizun handia dute berdintasuna eta eredu berdintzaileak irakasterakoan, eta, zentzu horretan, bereziki belaunaldi gazteengan jarri behar dute arreta», azpimarratu du.
Gaur aurkeztu duten kanpainan, Landaidak azaldu duenez, «ezin dugu gizarte berdintzailea eraiki, baldin eta eskolak, gurasoek, komunikabideek, enpresek, eta azken finean gizartea osatzen dugun pertsona guztiok ez badugu erakusten, gure mezuen bidez, eta batez ere gure ekintzen bidez, errespetuan, pertsonen eskubideetan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunetan oinarritutako balioak».
Hainbat arlo lantzen ditu kanpainak: gizonak etxeko lanak egiten eta seme-alabak zaintzen edo beste egoera batzuk non emakumeak protagonistak diren gizonak nagusi diren eremuetan, esaterako, teknologian edo zientzian, «eremu horietan ere emakumeak erreferentetzat jo ditzaten belaunaldi berriek».
Kanpaina ha otsailaren 27a eta martxoaren 13a bitartean garatuko da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan.