‘Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara’ antzezlanarekin hasiko da Loraldia festibala
Martxoaren 7an hasiko da Loraldia festibala, ‘Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara’ antzezlanaren taularatzearekin. Txomin Heguy aktoreak hartuko du Abbadiaren izena eta izana.
Loraldiak ‘Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara’ antzezlanaren aurkezpena egin du astearte honetan Bilboko Arriaga antzokian. Hantxe izan dira festibalaren produkzio arduraduna, Aitor Narbaiza; lanaren gidoilaria, Patxo Telleria; Anton Abbadiaren irudia hartuko duen aktorea, Txomin Heguy; eta Xabier Zeberio musikaria.
2015ean, Loraldiaren lehen edizioak udaberriari ongietorria eman zionean, Aitor Mazok hartu zuen Abbadiaren izena eta izana, Patxo Telleriak landutako testuan oinarrituta, bakarrizketa aparta eskainiz. Handik gutxira, maiatzaren 7an, zendu zen Aitor Mazo.
Laugarren edizio honetan, aktore bilbotarra gogoan, Telleriaren testua berreskuratu eta taula gainera itzuliko da Abbadia. Oraingoan, Txomin Heguy aktore lapurtarrak antzeztuko du eta berarekin batera hiru musikari taularatuko dira.
Formatu txikiko antzezlan honekin emango zaio hasiera Loraldia festibalari, Arriaga Antzokiko eszenatokian bertan. Aktore, musikari eta publikoak espazio berdina partekatuko dute, pertsonaiak transmititu nahi duena hurbilago sentiarazi asmoz.
Ikuskizunaren abiapuntua Patxo Telleriaren gidoia izango da; Metrokoadroka Sormen Laborategiko Oier Guillanek zuzendu du. Txomin Heguyk gorpuztuko du Anton Abbadia eta eszenatokian hiru musikari izango ditu lagun: Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea); eta Alaia Phillips Ducau, boza.
Ikuskizun hau bi saiotan egingo dute martxoaren 7an. Iluntzeko 19.00etan lehenengoa; eta 20.30ean bigarrena. Azken honetarako sarrerak agortu dira dagoeneko.