INFO

Irakasle elebidunen eskasiari aurre egiteko Eskola Futura plana sortu da

Ipar Euskal Herriko 91 eskola publikoetan 5.445 ikaslek lanaldi erdiz euskaraz ikasten dute. Sarea zabaltzeko irakasle falta oztopo handia da. Akitania, EAE eta Nafarroako gobernuek Europako laguntzak baliatuko dituzte irakasleak euskaraz edo frantsesez trebatzeko.


2004. urtean Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu zenetik 42 sail elebidun ireki dituzte Ipar Euskal Herrian. Matrikulazio kopuruak begiratuta, gaur egun orduan baino 2.400 ikasle gehiagok euskaraz ikasteko aukera izaten dute.

Nafarroa Behere, Zuberoa eta Lapurdin denera 91 eskola publiko elebidun dira. Hau da hiru lurraldeetako bi eskoletatik batean euskara geletan sartu da. Alta, ordu kopuruen batez bestekoak oso egoera desberdinak sortzen ditu batetik bestera.

Sare publikoan euskararen eremua zabaltzeko oztopo nagusia irakasleen eskasia da.

Azken hiru kurtsoetan lanpostuen eskaintza emendatu bada ere, Beñat Arrabitek atzo Baionan nabarmendu zuenez, ez dute hautagai nahikoa atzeman eskola publiko elebidunek dituzten beharrak asetzeko.

EEPren lehendakariaren ondoan Eskola Futura egitasmoa martxan jartzeko elkarlanean jardun duten Gasteizko eta Iruñeko gobernuen ordezkariak eta Mathieu Berge Akitania Berriko eskualde kontseilaria izan ziren. Horiekin batera, okzitaniera erabiltzen den hainbat eskualdetan Eskola Futura dispositiboaren baitan irakasleen formakuntzak bultzatuko dituzten ordezkariak ere bertaratu ziren.

Mugaz gaindiko ekimena

Euroeskualde mailako unibertsitateen sostenguz garatuko den programari esker Hego Euskal Herrian irakasle eskoletan ikasketak burutzen dituzten hamar bat ikasle euskaldunek urtebetez frantsesa ikasteko parada izanen dute Bordelen, behin formazioa amaituta frantses hezkuntza sare publikoan jarduteko gainditu behar den azterketara aurkeztu ahal izateko. Aldi berean, Akitania Berriko unibertsitateetako bi promoziok (bakoitzeko hamar ikasle) urtebetez euskarazko formazio intentsiboa jarraituko dute Zornotzako barnetegian. Apirilaren 16tik maiatzaren 15era arte zabalik izanen da izena emateko epea (www.eskola-futura.eu) eta horren ondotik hautagaitza eginen dute. Formakuntza ordaindua da eta horrez gain ikasle bakoitzak 600 euro jasoko ditu hilero. 670.000 euroko aurrekontua du Eskola Futurak. Foctefa europar programak %60a estaliko du eta gainerakoa Nafarroak, Akitania Berriak eta EAEk osatzen duten euroeskualdeak.

 

Euskaraz irakatsiko dutenak Zornotzan izanen dira ikasle

Maribi Zubiaga Zornotzako barnetegiko zuzendaria ere hurbildu zen atzo Baionan egin zuten Eskola Futura egitasmoaren aurkezpen ekitaldira. GARAri azaldu zionez, EHUk hala eskatuta sartu da bere barnetegia mugaz gaindiko irakasleen hizkuntza trebakuntza egitasmo aitzindari honetan. Hain zuzen ere, «urte askotan bi mundu ezberdinetan ibili diren unibertsitate eta barnetegien arteko elkarlanari» garrantzia eman zion. «Gure kasuan, etorkizuneko irakasle hauek euskaraz gaitzeko prozesuan parte hartuko dugu eta horren ondotik unibertsitateek hartuko dute segida, besteak beste, masterrak eskaintzen, pertsona hauek Iparraldeko eskoletan jardun ahal izan dezaten», azaldu zuen.

Era berean, lurralde ezberdinetako hezkuntza egiturek bat egiteko apustua nabarmendu zuen. «Gure barnetegia duela hogei urte hasi zen, hala nola irakasleentzako Irale programak eskaintzen, eta ederra da guretzat heldu den urritik landa eskarmentu hori lankidetza ardatz duen egitasmo berri honen mesedetan jartzea». M.U.