Mende oso bat planto egiten
Egunero da Martxoaren 8a, egunero dagoelako zer aldarrikatu eta zer irauli. Borrokak, baina, ertzak behar izaten ditu, gorakako puntak, astinaldiak, injustizia normaltasun bihur ez dadin joanean-joanean. Historian barna izan diren astindu horietako batzuek markatu dute parekidetasunaren aldeko borroka.
Martxoaren 8ko historia agertoki konplexu batean gurutzatutako gertakariek hauspotu zuten. Lehen Mundu Gerrak, Errusiako Iraultzak, emakumeen sufragioaren aldeko borrokak eta emakumeen sindikalismo hazkorrak girotu zituzten Emakumeen Nazioarteko Eguna sortzeko borrokak, zeina emakumeen eskubideen alde ekiteko egun bezala baliatu baiten geroztik. Ehungintzako emakume langileek egindako grebak abiatu zuen Martxoaren 8ko historia, eta nazioartean emakumeen greba ugari egin dira geroztik. Horietako batzuk aurten Emakumeen Nazioarteko Egunerako 150 herrialde baino gehiagotan prestatzen ari den emakumeen grebarako eredugarriak izan dira.
Hartara, urtero martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren sorrerara begiratzeko 1909. urteraino egin behar da atzera gutxienez. 1909ko azaroaren 23an New Yorken alkandorak egiten zituzten fabriketako emakumeek greba hasi zuten. Clara Lemlich komunista ukrainarra izan zen mugimenduko liderra, eta 20.000 alkandora-egilek egin zuten greba. Kanpotarrak ziren gehienak; europarrak eta juduak. Soldaten igoera, lan baldintza hobeak eta lanaldi murriztua galdegin zituzten. “Hogei Milen Greba” edo “Alkandora Egileen Greba” izenekin ezagututako lanuzteak hiru hilabete iraun zituen, sekula AEBetan egin den emakumeen greba handiena izan zelarik.
Urtebete geroago, II. Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarra egin zen Kopenhagen. Bertan emakumeek bozkatzeko eskubidea aldarrikatu zuten eta Clara Zetkin komunista alemaniarrak proposatu zuen Martxoaren 8a emakumeen eskubideen aldeko eguna izatea. Kopenhagen bildu ziren ehun emakume inguruk, tartean Alexandra Kollontai eta Rosa Luxemburg marxistak, aho batez onartu zuten Zetkinen proposamena.
1911ko martxoaren 25ean suak Triangle Shirtwaist Enpresa erraustu zuen. New Yorkeko historian pertsona gehien hil ziren desastre industriala izan zen: 123 emakume eta 23 gizon. Ehungintza enpresako arduradunek irteerako ate guztiak itxi zituzten merkantziaren lapurreta ekiditeko asmotan. Langile askok leihoetatik salto egin behar izan zuten. Gertakariak emakumeen lan baldintza itogarriak ikusarazi zituen, eta Martxoaren 8ko ospakizunerako zimenduak ezarri.
1917ko Martxoaren 8an ehungintzako emakume langileek Errusiar Inperioko hiriburu zen Petrograd (gaur egungo San Petersburgo) hartu zuten, eta manifestazio hura izan zen Errusiako Iraultza piztu zuen ekintzetako bat. Emakumeen Nazioarteko Eguna Ameriketako Estatu Batuetan hauspotu zen arren, 1970eko hamarraldira arte herri sozialistetan garatu zen, eta bertan ospatzen zuten batik bat, harik eta 1975ean Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko egun izendatu zuen arte. Urte horretan bertan, Islandiako emakumeen %90ek egin zuten greba.
Islandia, 1975
1975ean, Islandiako Mugimendu Feministak herrialdeko emakume guztiak grebara deitu zituen, gizartean betetzen zituzten lanen balioa azpimarratzeko. Antolatzaileek erabaki zuten «emakumeen jai egun» modura bultzatzea, emakumeen parte hartzea bermatzeko, baina lanpostuak arriskatu gabe. Behargin batzuek opor egunak baliatu zituzten egun horretan lanera ez agertzeko. “Ostiral Luzea” izenez ezagutzen da egun hau.
Enpleguko lanuzteaz gain, etxeko lanak eten zituzten emakume islandiarrek: garbitzeari, kozinatzeari eta haurren zaintzeari uko egin zioten. Aurrekaririk gabeko ekimena izan zen.
Erantzuna erabatekoa izan zen: emakumeen %90ek greban parte hartu zuten modu batera edo bestera. Gizonezkoek haurren zaintzaren kargu hartu behar izan zuten, eta grebalariek koloretako margoekin eta pixoihalekin bete zituzten bulegoak.
Emakumeek herrialde osoko kate produktiboa etetea lortu zuten: egunkariak ez ziren inprimatu tipografo gehienak emakumeak zirelako, telefono-zerbitzuak ez zuen funtzionatu, hegaldiak bertan behera utzi behar izan ziren azafatak ez zirelako agertu eta eskolak ez ziren ireki irakasle faltagatik.
25.000 emakume batu ziren “Ostiral Luzean” egin zen manifestaziora, eta politikariak emakumeen eskubideen alde egitera bultzatu zituzten. 1976an, Islandiako Parlamentuak gizonen eta emakumeen arteko eskubideen berdintasuna “bermatzen” zuen lege bat idatzi zuen. Haatik, lege horrek ez zuen bide eman emakumeentzako kalitatezko enpleguak sortzeko eta soldaten arrakala ekiditeko.
1980an, Vigdis Finnbogadottir Islandiako presidente izendatu zuten, ordu arte kargu hori erdietsi zuen herrialdeko lehenengo emakumea. Islandia emakumeen eskubideei zegokienez «momentu erabakigarri» bat bizitzen ari zela esan zuen eta mobilizazioak «herrialdea guztiz gelditzea eta gizon askoren begiak irekitzea» lortu zuela. Haatik, Islandian aginte maila altuena duena lehen ministroa izanik, Finnbogadottir presidenteak ez zuen horrenbesteko indar politikorik. Islandiarrek 2009 arte itxaron behar izan zuten lehen aldiz emakume bat izan zedin gobernuburu: Johanna Siguroardottir, emakumea eta lesbiana.
“Ostiral Luzeak” emakumeek ekonomian zeukaten lekua erakutsi zuen, nola etxean hala etxetik kanpo. Baina soldaten arrakalak bere horretan jarraitu zuen, eta gaur, 40 urte eta gero, emakume islandiarrak aldarrikapen berdinen bueltan borrokan ari dira.
Polonia, 2016
Islandiako “Ostiral Luzea” eredu izan zen Poloniako 2016ko “Astelehen Beltza” greba egunerako. Poloniako Gobernuan zen Legea eta Justizia alderdi kontserbadorea abortua debekatzen zuen eta abortu bat praktikatzen zuen edonor kartzelarekin zigortzen zuen lege bat tramitatzeko bidean zen. Orduan, Marta Lempart feministak bozgorailuetatik greba egingo zutela iragarri zuen Breslavia hirian, Poloniako hego-mendebaldean. Milaka feminista kalera atera ziren. Varsovia, Gdnansk eta herrialdeko beste hirietako kaleak abortuaren aldeko protestek hartu zituzten. Zenbait enpresak jai eguna eman zieten emakumeei manifestazioetan parte hartu ahal zezaten.
“Medikuak nahi ditugu, ez misiolariak!” aldarria ozen oihukatu zuten milaka emakumek, biztanleriaren gehiengoa katolikoa den herrian. Emakumeek arropa beltzak jantzi zituzten eta bandera beltzak kalera atera, eta lanean zein ikastetxeetan greba egin zuten. Protestek helburua lortu zuten, eta Parlamentuak legea bertan behera utzi zuen. Alabaina, 1993tik aktibo zen Abortuaren Legea berriro martxan jarri zen, abortatzeko eskubidea hiru kasu hauetara mugatuz: haurdunaldia bortxaketa batek eragindakoa izatea, haurdunaren osasunarentzako arriskuren bat izatea edo fetuak malformazioren bat izatea.
Argentina, 2016
Lucia Perez drogatu egin zuten, ondoren bortxatu eta haga bat ipurtzulotik sartu zioten. 16 urte zituen, eta hil egin zuten. Argentinako Mar de Plata hirian gertatu zen, 2016an. Hiltzaileetako bat Lucia Perezen mutil-lagun ohia zen. Arropa garbitu zioten eta gaindosi bat izan zuela esanez ospitalean utzi zuten. Medikuek ezin izan zuten suspertu.
Denbora laburrean Argentinan biolentzia matxistak emakume ugari erail zituen: urriko lehenengo hamasei egunetan hemeretzi emakume hil zituzten. Matxismoak urtero 200 emakume hiltzen ditu Argentinan. Lucia Perezen kasuak herrialdea altxarazi zuen, eta “Nosotras paramos” eta “Ni una menos” oihuak entzun ziren Buenos Airesen eta hogei probintzietako hirietan.
Argentinako Mugimendu feministak hiru orduz planto egitera deitu zituen herritarrak, eta milaka pertsona euripean atera ziren kalera beltzez jantzita “Asteazken Beltzean”, 2016ko urriaren 19an. Argentinako Kongresuak aldarrikapenei erantzun zien, eta Parlamentuan parekidetasuna bermatuko zuen legea onartu zuten Senatuan.
BESTE GREBA BATZUK
Ogia eta arrosak
Ehungintza sektoreko greba ezagunenetako bat “Ogia eta Arrosak” izenekoa izan zen. 1912an, Lawrence hiriko (Massachusetts, AEB) emakume beharginek “ogia” eskatu zuten, baina “arrosak” ere bai, bizitza duinaren sinbolo gisa.
Ford enpresako emakumeak
Ingalaterrako Dagenham herriko Ford automobilgintza enpresako emakume langileak 1968an antolatu ziren, eta greba deitu zuten. Multinazionalaren aurkako protesta erabakigarria izan zen Soldata Berdintasunaren Legearen onarpenerako: Britainia Handiko Parlamentuak 1970ean sinatu zuen.
Boto eskubidearen alde, AEBetan
Berdintasunaren Aldeko Emakumeen Greba 1970eko abuztuaren 26an egin zen, AEBetan. Emakumeen boto eskubidearen 50. urteurrenean 20.000 emakumek baino gehiagok egin zuten protesta. Lanerako aukeren berdintasuna, emakumeentzako eskubide politikoak eta harremanetan berdintasun soziala –ezkontzeko, kasu– eskatu zituzten. Abortuaren alde egin zuten batzuek, baina protestara atera ziren gehienak ez zeuden horrekin ados.
Liberian, sexu greba
Liberiako emakumeek 2003an egindako sexu greba giltzarria izan zen herrialdeko gerra zibilarekin amaitzeko. Emakumeek uko egin zioten harreman sexualak izateari, eta Liberiako hamalau urteko gerra zibilari amaiera ematea lortu zuten. Horren ondoren, Ellen Johnson-Sirleaf jarri zuten presidente, Afrikako lehenengo emakume presidentea. Liberiako sexu greba eredugarria izan da nazioartean emakumeek asmo politiko eta sozialak erdiesteko: Kolonbian, Mexikon, Belgikan eta Kenyan ere egin dira halako grebak.
Turkiako Irkan, «maitasun greba»
Turkiako Irka hiriko emakumeek “maitasun greba” egin zuten 2009an. Kilometro ugari egin behar izaten zituzten herrira ura eramateko, eta gizonezkoei esan zieten ez zutela sexu harremanik izango harik eta ur-kanalizazioa egin arte.
Amantalak balkoira
2012ko martxoaren 29an Euskal Herriko balkoiak mantalez jantzi ziren. Emakumeen Mundu Martxak deituta, “Amantalak balkoira, emakumeok kalera” lelopean zaintza lanen prekarietatea salatu zen.
Vaga de Totes
Herrialde Katalanetan Vaga de Totes mugimendua hasi zen 2015ean, eta bizirik dirau egun. Greben eredu klasikoa auzitan jarri asmo du eta emakumeen lan erreproduktiboa ikusarazi. Euskal Herriko mugimendu feministarekin harreman estua dauka.
Emakume frantsesen plantoa
Aurreko urteko azaroaren 7an, 16:34ean puntuan emakume frantsesek planto egin zuten, soldaten arrakala salatzeko asmotan. Data eta ordua ez zituzten ausaz aukeratu, Les Glorieuses talde feministak kalkulatu baitzuen gizon beharginen soldatekin alderatuta emakumeek doan lan egingo zutela momentu horretatik aurrera.