INFO

Emakumeak ahaldundu eta lan-merkaturatzea errazteko ikastaroa

Lan merkatura sartzeko uneak maiz sortzen du ziurgabetasuna pertsona ororengan. Lea-Artibai eskualdean arazo hori konpontzen saiatuko dira datozen bost hilabeteetan, profil ezberdinetako emakumezkoei zuzenduriko ikastaro «espezifiko» baten bitartez.


Ahaldundu. Emakumeen ahalduntzea. Ikasi, gaitasunak landu eta ausardia eta kemena azaleratzea, ondoren enpresa batean laneratzea edo ekintzaile izatea errazteko. Bi hitzetan azalduta, horiek dira EMEekin Azaro Fundazioak, Leartibai garapen agentziarekin eta Lea-Artibai ikastetxearekin elkarlanean antolatutako kurtsoaren xede nagusiak. «Emakumeei zuzenduta, modu espezifiko baten», zehaztu du Esti Plaza Azaro Fundazioko kideak. «Formakuntza berria da, ez dut uste honen itxurakorik dagoenik. Bi alde diferentzial ditu, bata emakumeentzat dela, eta bestea, ezagutzak eskaintzeko modua».

Martxoaren 9an abiatuko da ikastaroa eta bost hilabeteko iraupena izango du. Abuztuan atseden hartu eta irailaren 28an emango diote bukaera, eta azkenean pertsona bakoitzaren araberako orientazioa eskaini eta enpresekin elkarrizketaren bat lotzen saiatuko dira. Ekintzailetza, sormena, ekonomia zirkularra, berrikuntza eta negozio eredu berriak, garapen pertsonala eta orientazioa dira formakuntzako sei moduluak.

«Modu interaktibo batean landuko ditugu gaiok, gai ezberdinen zertzeladak jasoko dituzte», azaldu du Plazak. Astean bost ordu presentzial izango dituzte, beste guztia etxean lantzeko aukera izango dute. Teoria, esaterako, «gehienez 10 minutuko» bideoen bitartez jasoko dute, «ostegun edo ostiralean hona etortzen direnean –Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunera, Markina-Xemeinen–, modu praktiko batean landuko dute aste jakin horretako gaia».

Zortzi pertsonarentzako ireki zuten izen-ematea, eta kurtsoa hasteko bost egunen faltan, sei lagunek baieztatu dute beraien parte-hartzea. Zergatik zortzi?: «Bizkaiko Foru Aldundiak zenbaki bat eskatu zigun eta hori jarri genuen. Ez da izaten erraza horrelako programetarako jendea aurkitzea, gainera Lea-Artibai eskualdean langabezia tasa txikia da, eta interesa bere horretan pizteko ere zalantzak sortzen dira». Eskualdeko langabeen batez bestekoa (%8,6) Bizkaikotik urrun kokatzen da (%13,2), baita emakumezkoen kasuan ere (%8,6 eta %14,8).

Plazarentzat, Azaro Fundazioaren izenean, beharrezkoa zen horrelako proiekturen bat. Aldiz, emakumearen ahalduntzean, kontziliazioaren ‘traba’ errespetatzea ezinbestekotzat jotzen du, «bestela, jende gutxiago animatuko baitzen». «Ordutegi aldetik kontu handiarekin aritu gara, parte-hartzaileek beren bizitza pertsonala eta laborala tartekatu ahal izateko, horregatik saiatu gara formazio teorikoa ahalik eta gutxien eskaintzen», jakinarazi du. Etxetik, ordenagailuaren bitartez eta Azaro Fundazioaren estraneteko pasahitzarekin, eskaintza beraien aukeretara moldatu dutela azpimarratu du: «Saiatu gara, behintzat, errealitate hori era txikian aldatzen».

«Nire aukera»

Ezagutzak «berriztatzeko» prestu agertzen da Olaia Aldazabal markinarra, eta «posible bada» lan merkatura itzultzeko ere bai. Hamar urtean egon zen lanean, baina duela 15 urte, haurren jaiotzarekin batera, uztea erabaki zuen: «Argi utzi nahi dut, nire aukera izan zela, ez nagoela langabezian, baina haurrak hazten joan dira, denbora libre gehiago daukat, gauzak aurrera doaz eta ez da inoiz berandu».

Arrazoi horien pilaketak eraman zuen ikastaro hau gauza interesgarri moduan ikustera aurreneko aldiz ilobak jakinarazi zionean. Eta hobe deritzo ikastaroaren zati handiena ez-presentziala izateko erabakiari, «bestela, ez nintzateke animatuko. Nik nire egunerokoa, era batean edo bestean, antolatua daukat, beste egitekoak ditut, nire ordutegia daukat eta nahiago dut horrela».

47 urte ditu Aldazabalek eta hamar urtean argitaletxe batean aritu zen lanean, komertzial gisa. Nahiz eta selektibitatea gainditu zuen, azkenean ez zen unibertsitatera joan. Gerora, ikastaroak egiten aritu zen, Informatika eta Harreman Publikoak esaterako, «gaur egungo moduluak-edo, baina ez daukat goi mailako heziketarik».

Horixe da Olaia Aldazabalen profila, labur-labur azalduta. Helburua, lanera bueltatzea izanik ere, presarik ez dauka, «baina interesgarria litzateke». Interesgarria da, halaber, eta eskertzen du, irakasle edota antolatzaileen hurbiltasuna: «Esti [Plaza] ezagutzera etorri naiz, eta aurrez aurre azaldu dit nola joango den ikastaroa».

Pertsonalizatua

Ostiralean, kurtsoari hasiera emateaz gain, elkarrizketa pertsonalizatuen eguna izango da. Parte-hartzaileekin banan-banan elkartzen joango dira, bakoitzaren desio, helburu, jakintza ezagutu eta bakoitzaren araberako bide-orri bat garatzen joan daitezen formazioa eskaintzen doazenak. «Aurreratu dezaket askotariko jendea dagoela, helduak zein gazteak, edota ikasketak oraintxe amaitu dituztenak», azaldu du.

EMEekin programaren aurreneko aldia da aurtengoa, zati bat Bizkaiko Aldundiak finantzatua –«ikastaroaren proposamena egokia iruditu zitzaion»–, baina bestetik elkarlana hauspotuko duen eta aspaldidanik Azaro Fundazioarekin kontaktuan dabiltzanei esker ikusi du argia. Alde batetik, Lea-Artibai ikastetxea eta bestetik, Leartibai garapen agentzia.

Hiruren egoitzak Markina-Xemeinen aurkitzen direnez, formakuntzaren zentroa non jarri behar zen erabakitzea ez zen batere nekeza izan, eskaintza guztiak gertu dituztelarik. Lea-Artibaiko Berrikuntza Guneko bigarren solairuko «Ekintzailetza» gela prest dago ikasle berriak jaso, eta emakumeak banan-banan ahaldundu zein talde moduan beraien artean sareak sortzeko.