INFO

Pairatzen duten prekarietatea salatzeko protesta egin dute Zarako langileek Donostian

Gipuzkoako Zarako langileek protesta egin dute Donostiako San Martin merkataritza gunearen atarian, prekarietateari aurre egiteko proposamen guztiei enpresak «ezezko borobilarekin» erantzun diela salatzeko.

Gipuzkoako Zarako langileen protesta Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

ELAk deituta, Zarak Gipuzkoan duen denda handienaren aurrean protesta egin dute langileek.

Sindikatuak emandako datuen arabera, egun Zarak ia 300 langile ditu Gipuzkoan, «horietatik gehienak emakumeak, eta gehienak 15 eta 25 ordu bitarteko lanaldi partzialekin». Azaldu dutenez, «langile askok eta askok arazoak dituzte euren eguneroko gastuei aurre egiteko, kontziliazio erreal bat izateko eta euren oporrak antolatzeko, besteak beste».

Hain zuzen, otsailaren 28an, komitean gehiengoa diren ELAko kideek –9 kide dituzte batzordean, eta UGT sindikatuak, aldiz, hiru– proposamen zehatzak jarri zizkioten mahai gainean Gipuzkoako Zarari, oporren, lanaldi ordutegien, larunbat libreen, norbere gauzetarako egunen eta aintzinatasunaren eremuan hobekuntza desberdinak planteatuz. Eskakizun horien guztien aurrean enpresaren erantzuna «ezezko borobila» izan dela salatu du sindikatuak.

ELAren iritziz, eginiko proposamenek «ez dute apenas esfortzurik suposatzen» Zara bezalako «enpresa boteretsu batentzat» eta, horrexegatik, ez dute ulertzen enpresa izaten ari den jarrera.

Egoera honen aurrean, ELAko delegatuek azpimarratu dute argi daukatela ez direla «geldirik geratuko» eta lan baldintzak hobetzearen alde borrokatzen jarraituko dutela.