Euskal Herriko Mus Txapelketako finala Uztaritzen jokatuko da bihar
Euskal Herriko muslari onenak Uztaritzen arituko dira lehian bihar, Euskal Herriko Mus Txapelketako 10. finalean.
Zazpi herrialdetako muslari garaileak batu eta lehian arituko dira bihar Lapurdiko Uztaritze herrian, Euskal Herriko Mus Federazioaren 10. Txapelketa Nazionalaren finala bertan ospatuko baita.
Iazko azaroan abiatu zen txapelketa, eta urtarrila bitarte herrietako kanporaketak egin dira. Pasa den otsailaren 24an zazpi herrialdeetako kanporaketak jokatu zituzten eta bertan lortu zituzten biharko txartelak.
Zazpi herrialdeetako kanporaketetatik sailkatutako 128 bikote ariko dira bihar lehian. Goizeko 9.00etan dute elkartzeko hitzordua eta 10.00tan hasiko dira jokoan. Finala, ostera, 19.00etan jokatuko dute.
Euskal Herriko irabazleek txapela, garaikurra, 3.000 euro eta lau lagunentzako bidaia Karibera irabaziko dute; txapeldunordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia Kanariar Uhartera; hirugarren gelditzen den bikoteak 750 euro eta lau lagunentzako asteburuko egonaldia irabaziko dute. Laugarren bikote sailkatuak, aldiz, 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula eramango ditu etxera.
Bestalde, 250 euro irabaziko dituzte 5.etik 8.era sailkatutako bikoteek, eta 9.etik 16.era sailkatutakoek, berriz, 100 euro.
Euskal Herri osoa musean jokatzen jartzen duen txapelketa da Euskal Herriko Mus Txapelketa eta aurtengoa 10. edizioa da. Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen ahalegintzen dira herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dute Euskal Herri osoko txapelketa.