INFO
Elkarrizketa
BILGUNE FEMINISTA

«Atzo gihar handia erakutsi genuen. Orain erronka da nola landu gihar hori»


Irati Gonzalez Larena Bilgune Feministako kideak zorionak eman nahi dizkie, baita eskerrak ere, atzo parte hartu zutenei eta nahi bai baina ezin izan zutenei. «Zoragarria izan zen. Euskal Herria gelditzea lortu genuen. ‘Historiko’ hitza askotan erabili da eta guztiz partekatzen dugu. Jendetza bildu zen. Normalean ezer egoten ez den lekuetan, atzo egon zen, eta zer edo zer egoten den lekuetan, kasu batzuetan bikoiztu ere egin zen kopurua. Gainera, elkarretaratze hauek gero eta anitzagoak dira. Herri askotan mobilizazioak egin ziren, koordinazio lanak egin ziren eskualdeka antolatzeko, eta hori abiapuntu garrantzitsua da».

Sareak ehundu dituzte oraindik gehiago, eta saretze horiek fruituak eman dituzte. Hagitz asanblada jendetsuak izan dituzte prozesuan, aurpegi berriak, adin eta jatorri desberdinetako emakume pila. Aliantzak ere egin dituzte beste eragile batzuekin, adibidez, ikasle mugimenduarekin eta sindikatuekin. «Garrantzitsua izan da desadostasun eta gatazkak gainditzeko egin den prozesua». Gonzalez Larenak ez du ahantzi nahi atzokoa mundu mailako deialdia izan zela eta nazioartean ere sareak josteko balio izan zuela.

Bildutako aurpegi eta indar berri horiek mugimenduan gelditzea dute orain erronka. «Mugitu den guztiarekin, orain zer? Non kokatuko da jende hori? Feminismoak zer eskaintza egingo dio ez desaktibatzeko? Hori da orain pentsatu behar duguna. Energia handia nabaritu da, jendea lanerako gogotsu dago. Oso prozesu baikorra izan da eta emaitza ikusita esango nuke arrastoa utziko duela. Gihar handia erakutsi genuen. Orain daukagun erronka da nola landu gihar hori».

Zaintza ere garrantzitsua da Bilgune Feministako kideentzat eta orain ongi merezitako egun batzuk hartuko dituzte lasai egoteko eta zapore gozoaz gozatzeko. Atzokoa eremu guztietan islatuko dela uste dute, baina badakite ez duela deusetarako balioko jarraipenik ematen ez bazaio. «Erakundeetan egiten den lana eta mugimendu feministakoa uztargarriak diren? Izan beharko lirateke. Elkarlanak maizago egin beharko genituzke, baina hor badago oztopo bat, erakundeak aldaketarantz begira jartzea askotan ez dela oso erreala, beren interesei so daudelako. Horregatik da garrantzitsua lotura egotea mugimendu feministarekin eta honek ordezkaritza edukitzea erakundeetan, edo erakundeek aintzat hartzea mugimendu feministaren eskaerak. Hartzen dituzte, baina oraindik gehiago behar dela esango nuke».M. I.