INFO

Jendetza bildu da Iruñean, Xabier Reyren heriotza eta egungo espetxe politika salatzeko manifestazioan

Jendetza bildu da gaur arratsaldean Iruñean –9.000 lagun, GARAren kontaketaren arabera– Puerto III espetxean hil zen Xabier Rey preso politikoari azken agurra eman eta egungo kartzela politika salatzeko egin den manifestazioan.

Egungo espetxe politika «hiltzailea» salatu dute Iruñean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Bi dantzarik zeramaten Xabier Reyren argazki bat buruan zela, 17.15 aldera hasi da manifestazioa Golem zinemetatik, txalo eta «herriak ez du barkatuko» oihuen artean; atzean hainbat dantzarik zeramaten ikurrina erraldoia zihoan eta ondoren joaldunak eta «espetxe politika hiltzailea» zioen pankarta. Haien atzetik milaka lagun, iruindarrari azken agurra emateko. 

«Euskal presoak etxera» izan da gehien oihukatu den leloetakoa. Ibilbide osoa Donibane auzoan egin dute, eta bukaera Azuelo plazan izan da, 18.45 pasata, jendea kabitu ezinik zela.

Agertokian suontzi bat jarri dute Xabier Reyren argazkiarekin, eta lore eskaintza egin diote. Haren gurasoak eta anai-arrebak igo dira oholtzara, eta aurreskuaren ondoren eta Donibaneko ezker abertzaleko ordezkarien ostean Patxi anaia bikiak hartu du hitza. Hildako anaiari lehen pertsonan zuzendu zaio eta espetxea oso gogorra izan dela aitortu dion arren, familia batzeko balio izan duela nabarmendu du. 

Bere heriotzaren aurrean, familiak herriaren babesa jaso duela ere jakinarazi dio Xabier anaiari. Amorrurik ez dutela, maitasuna baizik, hori ere nabarmendu du. «Maitasuna, gure herriarekiko, maitasuna, zurekiko».

Rodriguez: «Ez dugu etsiko zuek guztiak libre izan arte»

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia izan da azkena hitza hartzen. Ezker abertzale osoaren izenean «animo beroenak eta doluminik sentituenak» eman dizkie Reyren senideei, eta besarkada bat bidali die espainiar nahiz frantziar Estatuko espetxeetan dauden presoei, baita iheslari eta deportatuei ere.

«Ez zaituztegu sekula bakarrik utziko, ez dugu etsiko zuek guztiak libre etxean eta zutik izan arte. Zeruak eta lurrak mugitu behar baditugu ere, aterako zaituztegu», adierazi du.

Egungo espetxe politika salatu du Rodriguezek eta ‘Antxo’ren heriotza «naturaletik» ez duela «deus» izan erantsi du. «‘Antxo’ ez da hil, hil egin dute. Eta heriotzaren arduradunek izen-abizenak dituzte: espainiar estatua, dispertsio politika eta haren erantzule nagusi den PP.

Alderdi horri ohartarazi dio «legeak bihurritu arren, demokrazia perbertitu arren eta Guardia Zibila, Auzitegi Nazionala eta esterminiozko kartzelak erabili arren, ez duzue herri hau geldituko». 

Xabier Reyren heriotza «erraz saihets» zitekeen Sortuko kidearen ustez. «Azkena izan dadin nahi dugu, ez baitugu nahi gatazka honen ondorioz beste biktima bat gehiago egon dadin».

Eragile politiko, sindikal eta sozialei dei egin die Rodriguezek –«PP ea UPN izan ezik»–, bide-orri bat adosteko, urrunketarekin bukatzeko, lehen graduarekin eta salbuespeneko gainerako neurriekin. 

Esperantzarako mezua

Horrekin batera, salbuespeneko legedia bera desaktibatzeko beharra nabarmendu du, «legedia arruntaren bidez eta justizia trantsizionaleko irizpideen bidez, euskal preso politiko guztiak kalera ateratzeko eta iheslari guztiak itzultzeko».

Estatuengandik ez duela «gauza gehiegirik espero» aitortu du eta horregatik konfiantza gizartearengan jarri du, «frogatu duelako, nahi duenean, edozer duela posible».

«Une triste eta gogor hauetan» itxaropenerako mezua ere helarazi nahi izan du Rodriguezek: «Apirilaren 8ak erakutsi bezala, gizartearen bultzadaz posible da estatuen gerra estrategia pitzatzea. Ez daukagu zalantzarik mobilizazioarekin, herri aktibazioarekin eta borrokarekin Euskal Herriak irabaziko duela bakea, irabaziko duela presorik gabeko etorkizun bat, eta irabaziko duela askatasuna».

‘Eusko Gudariak’ abestuz bukatu da ekitaldia.