INFO

Arrakastatsua izan da Loraldiaren lehen astea

Abbadiak ireki zuen ofizialki Loraldia. Eta atzetik egunero ekitaldiak izan dira Bilboko areto ezberdinetan. Amorante eta Mursego itsas museoan, Mikel Martinez aktoreak Tabernaria aurkeztu zuen Cafe Bilbaon. Larunbatean Imanol Jazz kontzertuak aurrikuspen guztiak gainditu eta Azkunza zentroko aretoa txiki utzi zuen eta igande eguerdian Herejearen alaba ikuskizunean 150 lagun batu ziren Euskalduna jauregiko areto dotore batean. Hasiera ezin hobea beraz Loraldia jaialdiarena.

Mursego eta Amorante Banpiro maitaleak emanaldian. Loraldia.eus

Mursego eta Amorante | Banpiro maitaleak

Itsas museoko areto atsegina betea zirudien. Lurrea eserita jendea Murseo eta Amorante noiz hasiko eta halako baten atetik tronpeta jotzen Amorante, ezkerreko eskuarekin ezkilak astintzen zituen bitartean. Ohikoa du sarrera mota hori kontzertuetara. Atzetik Mursego 1901eko Eibarren jokatutako Lore jokoen programa irakurtzen. Itzuli pare bat egin zituzten aretoaren beheko aldetik, eskenatokira igo baino lehen. Ikuskizuna martxan, Banpiro maitaleekin gozatzeko prest 160 lagun.

Bi musikariek aldez aurretik jo zuten abisua. "Asko gozatu dugu orain arte, emankizun hau presatzen, beraz oso pozik gaude, ea guk gozatu dugun beste eskaintzen dizuegun". Eta Amoranteren zein Mursegoren kantak tartekatu zituzten, bien artean -eta hamaika tramankulu, loop eta doinuz lagunduta- bertsio berritu eta ederertan. Bizenta Mogelen fabulatxoarekin hasi ziren, tango finlandiarrajo zuten gero, txelo eta klarinetea, tronpetak eta txeloak, ahoarekin grabatutako erritmoak... harik eta Amorantek jende guztiari zutik jartzeko eskatu eta Manuelatxo kanta dantzagarriari ekin zion arte. Balkan beats doinu ederra dauka Manuelatxoren autosorkuntzak, erritmo dantzagarriak, bertan zuzenean sortuak. Eta areto guztia zoroan pare dantzan gelditu barik.
Modu berean gozatu genuen Maitek Eusnob kantuaren bertsio berriari ekin zionean, Amoranteren lagutnza paregabearekin. Ez zen gutxiagorako izan Iban Urizarrek bere osaba Joxe Mariren istorioa kantuz kontatu zigunean, astoa eta biak muga pasaten eta Guardia Zibilarekin izandako enkontru fantastikoa, umeek beti sinestu eta astoaren ostikadarekin txapelokerra Pariseraino bidali zutenekoa. Dantzagarria oso euskara eta gaztelera nahastuta, kontu zaharrok ekarri zituztenean.
Ohiko bertso doinuz agurtu zituen Amorantek bertaratutakoak, eta bereziki eskertu teknikarien lana, beraientzat txaloak eskatuz. Misterixo maitia kantatuz agurtu ziren, baina Amoranteren kontzertuetan ohitura ez bada ere, Loraldiako jaialdian bisak egin zituzten Mursegok eta biak. Mi padre eta Xori erresiñula kantuekin egindako kanta batetik eta Xabier Amurizak Lemoizko zentra nuklearraren gainean egindakoa izan zen azkena. Kontzertu gogoangarri batean.


Tabernaria | Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña

Itsas museotik tranbian alde zaharrerako norabidea hartu eta hurbildu ginen Plaza barrira. Jende andana Cafe Bilbao parean. Mikel Martinez aktoreak Tabernaria estreinatu behar zuela eta, aldez aurretik sarrera eskatutakoez gain, emanaldia ikustera hurbildutako ezagun eta lagunak.
Patxo Telleriak egindako oparia da Tabernaria bakarrizketa. Taberna betearen aurrean -70 bat lagun jezarrita ezker eskuin- atzekoz aurrera Kaña bat ondo botatzeko instrukzioak eskaini zituen besteak beste Mikel Martinezek bere lantokian bertan. Tabernariaren postuan, nagusiaren, haren semearen eta semearen emaztearen lekukotasunak kontatuz, turismo basatiaren inguruko gogoetak eginez eta umore puntu itzelarekin, gozamena izan zen bakarrizketa adi adi jarraitzea. Amaieran zegoelako txinparta, berez istorioaren hasiera zena, baina ondo gorde eta tentsio puntu batekin eutsi ziona aktoreak. Tartean kaña bat ere atzekoz aurrera, bere sei instrukzioekin garatu zuen. Ale ederra utzi zigun. Txalo zaparrada itzela, lagunarteko kaña batzuk eta gauaren abaroan elkarrizketa kulturalak atarian jarraitu zuen.

 Imanol Jazz | Bilbaotik Euskal Herrira lau haizetara



Azkuna Zentroko areto nagusia bete beterik. Ez dago sarrerik. Ohikoa bilakatzen ari da. Atzeko lerroan jezarri eta emankizunak emango zuenaren zai geratzea besterik ez zegoen. Bi piano eder taula gainean. Bi pianista iaio aldamenean. Karlos Jimenez -Imanolen ibilibde guztian konposatzaile eta pianojole gisa aritua- eta Iñaki Salvador jazz musikaria eta Imanolen disko batzuetan aritutakoa. Emankizun berezi honetarako piezak beren beregi atondu eta bi ahots ezberdin eskenatoki berean. Jazz erregistroetan ederto moldatzen den Ainara Ortega, eta blues joeretan maisu eta rock eszenatik datorren Euskal Herriko ahotsik sakonena alboan: Petti.

Mayo kantuarekin hasi ziren, Nire euskaltasunak jarraitu zuen. Eta lehen unetik ikuslegoa kontzertuarekin gozatzen. Pianistek ere kantuen interpretazio berriak landu zituzten, erakustaldirako tarteak hartu zituzten nola Salvadorek hala Jimenezek ere. Eta publikoak txalo zaparrada beroarekin eskertzen zuen pianisten luzimendu bakoitza.

Ainara Ortegak egin zuen aurkezpenak ondo deskribatu zuen gerora etorri behar zuenak. Bezperan Mursegok eta Amorantek adierazi bezala, emanaldia honen prozesua atsegina egin zitzaien artistei. Ainarak udalekuetan bizitakoa ekarri zuen gogora. "Urduri gaude, baina ez dugu amaitzerik nahi".
Eta malkoak euri balira bezala, jarraitu zuen emanaldiak. Maitiak galde egin zautan ezagunak ikuslegoa ere kantuan jarri zuen. Ausencia etorri zen gero, eta Imanolen hutsunea ere nagusitu zen.
Eta halako baten whatsapp soinu bat entzun zen, eta mugikorrak amatatzean egiten duen soinuarekin erantzun zion Iñaki Salvadorrek bapatean. Eta begirunez jokatzeko eskatu zuten artistek, nola bestela.

Oroimeneko portuan Pettik blues giro beltzenean murgildu gintuen. Paregabe. Ederra da Petti horrelako jazz emanaldi batean ikustea, aukera zabaltzea publikoari rock eta underground mundutik datorren ahots urratu hori ezagutzeko. Denok irabazten dugu horrelakoetan. Eta Imanolen ondoan aritutako musikariekin, edo Ainara Ortegarena bezalako erregistroetan aritzeko gaitasuna erakutsi zuen Berakoak.

Karlos Jimenezek kontzertuko une gogoangarria sortu zuen, bere aulkitik Imanoli zuzendu zitzaionean. "Agur eta beti arte" bota zion, eta kantu eder bat ekarri zuten taula gainera. Ainara Ortegak berezi atsegin duen Zure tristura.

Eta Izarapean, Non zaude kuku maite eta beste kanturen bat moldatu zuten Karlos Jimenez, Iñaki Salvador, Ainara Ortega eta Pettik. Baina Lau haizetara kantuarekin goia jo zuen emanaldiak. Donostiak Iruñera, Baionatik Vitoriara, eta Bilbaotik Euskal Herrira lau haizetara hedatu zelako Loraldia jaialdiko giroa, txaloak, sorkunta eta kulturarekiko maitasuna.

 

 Herejeen alaba | Kristalezko bihotza narrazioa Euskalduna jauregian



Joseba Sarrionandiak 1981. urtean Puerto de Santa Maria kartzelan idatzitako narrazioa da Kristalezko bihotza. Eta Ander Berrojalbiz historialarai eta musikariak ikerketa eta soinua jarri dio Durangaldeko herejeen inguruko benetako istorioari.
Khantoria erdi aroko musika lantzeko bikotean aritu ziren Ander bera biolinarekin eta Maider Lopez laguntzaile zuela. Eta narrazioa Ander Lipusek kontatu zuen, astiro astiro, frailearen lehen pertsonan kokatuta, eta musika barrokoa lagun. Kristalezko bihotza entzun eta guztioi txikitu zitzaigun bihotza aretoan. Herejeen alabak harrapatu gintuen, eta zelan bere burua sutara bota zuen txunditu.
Emanaldiaren ostean, kokapen historikoa egin zuen Ander Berrojalbiz Herejeen alaba liburuaren egileak. Alemaniako Kolonian gertatutako antzeko kasu baten lekukotasunak irakurri zituen Ander Lipusek eta bertaratutako 150 lagunak aho zabalik atera ginen aretotik.