INFO

«Praktika politiko berriei» egokituko zaien zuzendaritza hautatuko du EH Baik

Zuzendaritzako kideak hautatzeko bozketa prozesua abiatu du Euskal Herria Bai alderdiak. Joan den martxoaren 3an egin zuen Biltzar nagusian, datozen urteetako erronka berriei modu egokian erantzuteko, antolaketa egoki baten beharra dutela azpimarratu zuten.


Zuzendaritzako kideak hautatzeko bozketa prozesua abiatu du Euskal Herria Bai alderdiak. Joan den martxoaren 3an egin zuen Biltzar nagusian, datozen urteetako erronka berriei modu egokian erantzuteko, antolaketa egoki baten beharra dutela azpimarratu zuten. Horretarako, zuzendaritza berria osatuko duten hamabi postuak beteko dituzten kideak hautatzeko bozketa sistema jarriko dute martxan.

Aurtengo kuota ordaindu duten kide guztiek parte hartu ahal izango dute apirilaren 1era arte iraungo duen prozesuan. Martxoaren 19a aitzin hautagaien izenak proposatuko dira mezu elektroniko bidez. Horren ostean, proposatuak izan diren pertsonek hautagai izan nahi duten egiaztatu beharko da. Eta azkenik, martxoaren 25etik apirilaren 1era militanteek gustuko dituzten hautagaien alde bozkatu ahal izango dute.

Honakoak dira aurrerantzean EH Bai-ko zuzendaritza osatuko duten kideek izango dituzten sailetako ardurak: Bozeramailetza, arlo soziala, diruzaintza, formakuntza, hauteskunde eta instituzioen ardura, nazio eraikuntza, laborantza, ekonomia, gatazkaren konponbidea, lurra eta etxebizitza, euskara, eta trantsizio ekologikoa.

Orain artean, herrietako hautetsi eta hautagaiek osatzen zuten zuzendaritza. Aurrerantzean, ordea, zuzendaritza aipaturiko arloetako hamabi arduradunek osatuko dute. Hots, paraleloki hautetsiek egiten zuten koordinazio lana egiten jarraitzeko organoa mantenduko da (koordinazio gunea). Bi talde hauek norabide berean aritzeko ardura, berriz, aldizka egingo den Biltzar Nagusiak izango du.

Erreferente politikoa

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi biltzen dituen Euskal Elkargoaren sorrerarekin eta borroka armatuaren amaierarekin sortu den abagune historiko berrian, Ipar Euskal Herriko «erreferente politiko nagusi» bilakatu eta «ezkerreko alternatiba sinesgarria» izateko urratsak egitea du helburu EH Baik.

Testuinguru horretan kokatzen da eztabaidatu berri duten “Goazen EH Bai berri baten eraikitzera” izeneko txostena. Funtzionatzeko molde berrien diseinuak «praktika politiko berritzaile bat» izatea du xede; beraz, antolatzeko modu berriak «iniziatiba gaitasuna izateko, antizipazioz aritzeko, eta oinarri soziala saretzeko» balioko du.