INFO

Larunbatean iritsiko da Iruñera Altsasuko gazteen auzia salatzeko herritarrak egiten ari diren bira

Altsasuko gazteen aurkako auziaren inguruan informatzeko eta iristear dagoen epaiketa salatzeko egiten ari diren bira Iruñera iritsiko da bihar. Berriozar, Barañain eta Atarrabiatik bizikleta zutabeak egingo dituzte eta Gaztelu Plazan eginen dute bat 13:30ean.

Altsasuko herriak antolatutako birak Lizarra bisitatu zuenekoa. (Gotzon ARANBURU)

Larunbat honetan, martxoaren 17an, ‘Altsasuko herriak Nafarroari bira’ ekimenaren laugarren etapa egingo dute, eta Iruñera iritsiko da. Bira honen bitartez, Altsasuko zortzi gaztek eta beraien familiak, bi Guardia Zibilekin duela urte eta erdi izandako liskar baten ondorioz pairatzen ari diren prozesuaren inguruan informazioa zabaltzen ari dira.

48 kultur, kirol, gastronomia, gizarte edota hezkuntza elkarteek antolatu dute Nafarroako eskualde guztiak bisitatzen ari den bira hau. Aurreko asteburuan, Lekunberri, Leitza, Elizondo, Bera eta Baigorrin izan ziren. Orain arte izan diren hiru etapetan 6.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute.

Bihar, ibilbidea eta antolatutako ekitaldiak hiru bizikleta zutaberen bidez egituratuko dira. Hiru tokitatik aterako dira: Berriozar (10:30), Barañain (11:00) eta Atarrabia (11:00) eta Gazteluko Plazan amaituko dira 13:30ean.

Apirilaren 14ean hasiko da gazteen aurkako epaiketa eta 375 urteko kartzela zigor eskaerari egin beharko diote aurre. «Demokrazia batean bermatuta egon behar duten eskubideak eta printzipioak urratu egin dira: errugabetasun presuntzioa, epaile naturalaren eskubidea, legearen erabilera ez hedatzailea eta proportzionaltasunaren printzipioa, defentsarako eskubidea, askatasun eskubidea…», salatu dute.

Bosgarren eta azken etapa martxoaren 24ean egingo dute, Tutera eta Erriberan zehar.