Nafarroako hainbat eragilek Miren Zabaletaren atxiloketa salatu eta elkarretaratzea deitu dute
Demokrazia eta eskubide zibil eta politikoen alde eginez, Miren Zabaleta eta beste hiru lagunen atxiloketa salatu dute Nafarroako hainbat eragilek. Honekin batera, elkarretaratzea deitu dute bihar 19.00etan Iruñeko Udal Plazan.
«Deusek ez du justifikatzen horrelako neurri bat hartzea, juezak baldin bazuen zerbait galdetzeko edo leporatzeko aski zuen aurkezteko deialdia egitea. Bide batez, ‘terrorismoaren gorazarreari’ buruzko oso interpretazio eta erabilera arriskutsuak egiten ari dira», ohartarazi dute.
Dokumentua hurrengo eragile hauek sinatu dute: EH Bildu, Orain-Ahora Mugituz, Aranzadi, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT-LKN eta EHNEk, eta bihar 19.00etarako elkarretaratzea deitu dute Iruñeko Udal Plazan «Demokrazia. Eskubide zibil eta politikoen defentsan» lelopean.
«Elkarbizitza demokratikoaren aldeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu. Guztion jokabide arduratsua behar da zeregin horretan. Espainiar Estatuak bultzaturiko inboluzio antidemokratiko batean murgildurik gaude. Hori dela eta, elkarrekin, arduraz eta determinazioz aritu behar dugu elkarbizitza hori bermatzeko. Lehia politikoaren gainetik dagoen eskabide eta behar soziala da», gaineratu dute.
«Nafarroa eremu demokratikoa izan behar dela diogu, eta hori horrela izan dadin eskubide zibil eta politikoak bermatu behar dira. Horrekiko gure konpromisoa» berretsi dute.
Bitartean, UPNk preso ohien harrera ekitaldien aurkako jarreran sakondu du. Madrilgo Kongresuan dituen bi diputatuek, Carlos Salvadorrek eta Iñigo Allik, Gobernu espainolari ekitaldi hauek zapuzteko zer neurri hartuko dituen galdetu diote.