INFO

Guardia Zibilak Arkaitz Bellon eta JM Aranzamendiren oroitarriak apurtu dituela salatu dute

Elorriotik salatu dutenez, Guardia Zibilak Jose Mari Aranzamendi eta Arkaitz Bellon espetxean hildako presoen oroitarriak apurtu ditu gaur goizean Berriozabaleta auzoan. 

Ezkerrean, Aranzamendi oroitzeko monolitoa, eta eskuinean, Bellonena.

Elorriotik salatu dutenez, Guardia Zibilaren lauzpabost patrol eta beste auto bat herri horretako Berriozabaleta auzoan agertu dira goizeko 7.00ak aldera, eta Jose Mari Aranzamendi ‘Katxue’ eta Arkaitz Bellon ‘Pantxi’ espetxean hil ziren presoak oroitzeko han dauden monolitoak suntsitu egin dituzte.

Azaldu dutenez, Aranzamendiren oroitarria, harrizkoa, kolpeka apurtu dute eta zati txiki batzuk bertan utzi dituzten arren, handiena eraman egin dute.

Bellonen monolitoa, burdinezkoa, erabat tolestuta eta hondatuta utzi dute. 

Horretan ari ziren bitartean, bertatik igaro nahi zuten auzotarrak ordu erdiz atxikita eduki dituzte, identifikatu ostean.