Independentistak: «Euskal burujabetza prozesua martxan jartzeko ordua da»
Igandean Iruñean ospatutako Aberri Egunak «ilusio berriak» piztu dituela nabarmendu du Independentistak sareak eta «Euskal bujabetza prozesua martxan jartzeko ordua dela» adierazi dute. Bestetik, «burujabetzaren inguruan» agertu diren hainbat mezuren aurrean «kezka» agertu dute.
Independentistak sareak «eskerrak eta zorionak» eman dizkie Iruñean Aberri Eguna ospatzeko bildu ziren herriatarrei. Bertan 18.000 lagunetik gora elkartu zirela nabarmendu dute. «Espainiar Estatu mailan sufritzen dugun inboluzio eta errepresio egoeraren erdian eta independentismoaren erabateko kriminalizazioaren aurrean, bi astebeteren barruan Larrabetzuko Independentzia Egunak eta Iruñeko Aberri Egunak izan duten arrakastak ilusio berriak piztu eta mugimendu independentistaren indarra erakutsi du», nabarmendu dute.
‘Burujabe hobe’ leloak jaso dituen atxikimenduak txalotu dituzte eta «gero eta gehiago garela menpekotasunetik askatasunera jauzi egiteko ordua dela pentsatzen dugunok», adierzi. «Euskal burujabetza prozesua martxan jartzeko ordua dela uste dugu».
Bestetik, «Aberri Egunaren zenbait ospakizunetan agertu diren mezuen» aurrean kezka agertu dute. «Gure ustez, inboluzio pitikoaren eta Estatu espainiarraren eraso eta mehatxuen aurrean ez du ezertarako balio jarrera sumisoa agertu eta gauden moduan uzteko erregutuz belauniko jartzeak. Aukera bakarra, oinarri soziala konfrontazio politikorako prestatu eta herriaren indarra erakustea da».
Bide beretik «burujabetza kontzeptuaren inguruan batzuen aldetik, euren indefinizio politikoa ezkutatzeko agian, sortu nahi izan den nahaztea» arbuiatu dute. «Burujabetza, Euskal Herriarentzat zein munduko edozein herri edo naziorentzat, inolako kanpoko injerentziarik edo menpekotasunik gabe bere etorkizuna eraikitzeko askatasun osoa da. Eta egun nazioarte mailan onartuta dagoen burujabetza homologatu bakarra estatu estatusarena da. Beraz, guretzat behintzat, oso argi dago: Euskal Herriaren burujabetza, geure estatu propioa eratu eta Euskal Errepublika proklamatzetik etorriko da».