INFO

Animaliak, ez zirkuan, ezta karpa ondoan ere

Irabazi-k lizitazio agirian puntu berri bat sartzea proposatu du Gasteizko jaietan Mendizabalan ezartzen den zirkuak animaliarik erabil ez dezan, ez ikuskizunetan, ez karpa ondoko landetan.


Irabazi koalizioko bozeramaile Oscar Fernandezek Gasteizko Udalean formula berri bat proposatu zuen atzo, Andre Maria Zuriaren jaietan animaliak erabiltzen dituen zirkurik izan ez dadin. Azaldu zuenez, gaur egun debekatuta daude ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkuak; ez, ordea, zirkuaren parean dauden landetan animaliak erakustea. Hala, aurreko urteetan, esaterako, lehoiak eta elefanteak ikusi izan dira Udalaren jabetzako zelaietan.

«Egoera hori askotan errepikatzen da. Ezin dituzte animaliak erabili beren ikuskizunetan, baina animaliak ekartzen dituzte Gasteizera eta karparen ondoan kokatzen dituzte, zoologiko txiki bat izango balitz bezala», nabarmendu zuen Fernandezek prentsaurreko batean. Egoera hori ez errepikatzeko, lizitazio agirian puntu berri bat sartzea proposatu zuen, zirkuek beren ikuskizunetan erabiliko dituzten elementuak soilik ekar ditzatela baimentzeko.

Zinegotziak nabarmendu zuenez, proposatutako formulak legedia errespetatzen du, eta bide berri bat irekiko luke animaliek zenbait zirkutan pairatzen dituzten tratu txarrak amaitzeko. «Pauso garrantzitsu bat da egoera honekin amaitzeko», gaineratu zuen duela gutxi Albaceteko autobia batean izandako istripua gogoratu ostean; elefanteak zeramatzan kamioi bat irauli egin zen eta horietako bat hil zen istripuaren ondorioz.

Onartutako ekimena

Duela hiru urte Udalbatzak Gasteiz “animalien kontrako tratu txarrik gabeko hiriburu” izendatzea onartu zuen, Irabazik aurkeztutako mozioa aurrera atera ostean. Eta ordutik zenbait urrats egin ditu Udalak. Iaz ez zen zezenketarik egon –aurten ere ez da izango halakorik Iradier Arenan– eta blusek eta neskek ez dute asto lasterketa egiten Santiago egunean. Horren ordez upel lasterketa egiten dute uztailaren 25ean Andre Maria Zuriaren plazan.

Gasteiz bezala, Hego Euskal Herriko beste udalerri askok atea itxi diete animaliak erabiltzen dituzten zirkuei. Iruñeak iaz debekatu zituen, eta Tuterak 2015ean onartu zuen halako zirkuen kontrako ekimena. Gauza bera egin dute Lizarran, Zangozan, Antsoainen, Burlatan, Tafallan, Eguesibarren, Barakaldon, Basaurin, Getxon, Portugaleten, Galdakaon eta Hernanin, besteak beste.